Gizartea -
Bullying
Bilboko ikastetxe bat zigortu dute bullying kasu baten aurrean ezer ez egiteagatik
Biktima bost urteko neskato bat da, eta ikastetxeak 40.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio familiari. Epai aitzindaria da biktimaren adinagatik, ikastetxeak erantzukizun zuzena izan duelako, eta kalte-ordaina orain arteko handiena delako.
EITB Media
Bilboko Lehen Auzialdiko 8. epaitegiko magistratuak Santutxu auzoan dagoen Karitate Alabak Begoñako Andramari Ikastetxea zigortu du bullying kasu baten aurrean ezer ez egiteagatik. Biktima bost urteko neskato bat da, eta ikastetxeak 40.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio familiari.
Epai aitzindaria da biktimaren adinagatik, ikastetxeak erantzukizun zuzena izan duelako, eta kalte-ordaina orain arteko handiena delako.
Kasua 2021-2022 ikasturtean jazo zen Santutxu auzoko itunpeko ikastetxean biktimak 5 urte baino ez zituenean. Biktimaren gurasoak arin konturatu ziren zeozer arraroa gertatzen zitzaiola alabari. Ikastetxearekin hainbat bider hitz egin ostean, azkenean Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailera jo zuten, eta bullying protokoloa martxan ipini zuten, baina ez zuten ezer atzeman. Abokatuaren esanetan, erabakia berandu heldu zelako.
Epaiaren arabera, umeari beste ikasle batek "etengabeko eraso" fisikoak eta jazarpena egiten zizkion. Hainbat hilabete eman zituen neskatoak egoera horretan, gurasoek ikastetxez aldatu zuten arte.
Epaileak ebatzi duenez, ikastetxeak ez zuen nahikoa egin erasoak saihesteko, eta jasandakoaren ondorioz, biktimak hitz egiteari utzi zion tarte batez, "uzkurtasun soziala" eta "larritasun, insomnio eta apetitu-galera" izan zituen.
Epaiak biktima artatu zuen Osakidetzako psikiatraren txostena ere jaso du proba gisa. Horren arabera, neskatoa "oso gaixo zegoen, tratu txarren eta sexu abusuen aurrean izan ohi den trauma osteko estres larriak jota". Gertakarietatik hiru urte igaro diren honetan, adingabea tratamendu psikiatrikoan dago eta botikak hartzen ditu. Familia etxez aldatu da.
Jazarpen egoera horren aurrean, ikastetxeak "ezikusiarena" egin zuela esan zuen psikiatrak epaiketan.
Gauzak horrela, epaiak ebatzi du frogatuta geratu dela jazarpen kasua ez zela "egoera isolatu eta puntual" bat izan, eta "gutxienez 2021eko irailetik 2022ko martxora arte" gertatu zirela jazoerak. "Tarte horretan ikastetxeak ez zuen inongo konponbiderik topatu", ohartarazi du.
"Adingabea babesteko eta erasoak saihesteko neurriak hartzeko erabakien zantzurik ez dago. Ikastetxea ikusle besterik ez zen izan", nabarmen du epaiak.
Biktimaren familia pozik dago epaiarekin. Gurasoek ez dute nahi beste inork halakorik sufritzea. Hala ere, aldeek sententziari helegitea jartzeko aukera dute Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrean.