Gizartea -
Haurren Mundu Eguna
Haurrei zuzendutako elikagai ez osasungarrien iragarkiek ez dituzte umeak babesten, kontsumoa areagotzen dute
Gero eta aditu gehiagok uste dute beharrezkoa dela adingabeei zuzendutako elikagai ez-osasungarrien iragarkiak arautzea, osasuna bermatze aldera. Izan ere, hainbat ikerketek zuzenean lotzen dute osasungarriak ez diren elikagaien publizitatea haurren gizentasunarekin edo gehiegizko pisuarekin.
A. S. | EITB MEDIA
Haur eta gazteen elikaduraren inguruan ohitura osasungarriak sustatu asmoz, eta horiei zuzenduriko iragarkiek umeengan eragin dezaketen kaltea kontuan hartuta, Eusko Legebiltzarrak aurrerapausoa eman du eta haurrei eta nerabeei zuzendutako publizitatean janari azkarra eta edari energetikoak debekatu ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoa da Espainiako Estatuan obesitate gutxien dagoen erkidegoetako bat, baina datuak kezkagarriak dira oraindik ere. Gaiaren jatorrian, besteak beste, sedentarismoa eta dieta desorekatua egon litezke, baina bada aspalditik aipatzen den beste faktore bat ere: adingabeek telebistaren eta Interneten bidez osasungarriak ez diren produktuen inguruan jasotzen duten publizitatearen eragina.
Gasol Foundation erakundeak argitaratutako azken txostenak adierazten du Espainiako Estatuko 8 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabe asko (10etik 8) osasungarriak ez diren elikagai eta edarien publizitatearen eraginpean daudela. Hala, aditu askoren arabera, iragarki horiek kontsumitzen dituzten adingabeek aukera gehiago dute elikagai eta edari horiek kontsumitzeko, eta, hortaz, gehiegizko pisua edo gizentasuna izateko.
Euskadin, 6 eta 9 urte bitarteko haurren % 25ek gehiegizko pisua dute, eta % 12,5ek gizentasuna —hau da, gorputzean gantz gehiegi dute—, Aladinok iaz argitaratutako azken ikerketaren arabera (Espainiako haurren elikadura, jarduera fisikoa eta obesitatea aztertzen dituen ikerlana). Espainiako Estatuan, berriz, ehuneko hori handiagoa da: % 40k arazoak dituzte pisuarekin eta % 17,3k gizentasuna.
Zergatik da garrantzitsua elikagaien eta edarien publizitatea arautzea?
Gero eta aditu gehiagok lotzen dute osasungarriak ez diren elikagaien publizitatea haurren gizentasunarekin. Zentzu horretan, eta fenomeno horri aurre egin asmoz, nazioarteko hainbat erakundek, hala nola OMEk, UNICEFek eta World Obesity Federationek, haurren eskubideak babesteko gomendioen artean, haurrei zuzendutako publizitatea eta marketina arautzeko beharra azpimarratu dute.
UNICEFen arabera, haurrak bereziki zaugarriak dira publizitatearen aurrean; izan ere, batik bat 8 urtetik beherakoak ez dira ohartzen ikusten duten publizitatearen edukiak konbentzitzeko asmoa duela. Era berean, haur eta nerabeei saltzen zaizkien elikagai edo edari gehienek kaloria larregi dituzte, azukre erantsiak, trans gantzak eta saturatuak, besteak beste.
Testuinguru horretan, eta inolako kontrolik gabe adingabeek jasotzen dituzten janari azkarren, ultraprozesatuen eta edari energetikoen publizitatearen aurrean, Eusko Legebiltzarrean onartutako Haurren eta Nerabeen Lege berriak aurrerapen nabarmenak egin ditu, hala nola haurrentzako programazio-ordutegian eta horiei zuzenduriko hedabideetan janari azkarra eta edari energetikoak dituzten iragarkiak debekatzea.
Joseba Madariaga UNICEFen presidenteak eta Lur Garmendia nutrizionistak nabarmendu dute aurrerapausoa dela hartutako neurri hori: