Gizartea -

EBAZPENA

Adingabekoen zentro itxi batean sei urteko zigorra bete beharko du Castron ama hil zuten bi anaietako batek

Hilketa eta sexu eraso delituak leporatu dizkiote. Epaileak dio anaia gazteak ere hartu zuela parte gertakarietan, baina orduan 13 urte zituenez, ezin zaio deliturik egotzi eta adingabekoen babeserako zentro ireki batean dago.

Gertakariak izan ziren ingurua. Argazkia: EITB Media
Gertakariak izan ziren ingurua. Argazkia: EITB Media
Gertakariak izan ziren ingurua. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Castro Urdialesen (Kantabria) joan den otsailean emakume bizkaitar bat hil zuten, eta haren adin txikiko bi seme atxilotu, hilketarekin lotuta. Bederatzi hilabeteren ondoren, gaur kaleratu du kasuaren inguruko epaia Santanderreko Adin Txikikoen Epaitegiak, aldeek adostutakoa. Horren arabera, anaietan zaharrenak (orain 15 urte ditu) sei urteko zigorra bete beharko du adingabekoen zentro itxi batean, hilketa eta sexu eraso delituak egotzita.

Halaber, ebazpenak dio anaia gazteak ere parte hartu zuela hilketan, baina delituak egin zituenean 14 urte baino gutxiago zituenez, ezin zaio egindakorik leporatu. Hala, atxilotu zutenetik, adingabekoen babeserako zentro ireki batean dago ingresatuta. Orain, epaileak zaintzapeko askatasuna ezarri dio, batetik, eta aitarekiko eta ama zenaren senideekiko urruntze agindua, bestetik.

Auto baten maletategian aurkitu zuten emakumearen gorpua otsailaren 7ko iluntzean, Castro Urdialeseko bere txaletaren garajean. Arroparik gabe, eskuak lotuta eta buruan hainbat labankada zituela aurkitu zuten.

Ikerketa abiatu zuen Guardia Zibilak, eta berehala atxilotu zituzten emakumearen bi semeak.

Ebazpenaren arabera, bi mutilek "aurrez prestatu" zuten ama hiltzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak