Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
EHUko errektoreordeak kargua utzi du, Joxerramon Bengoetxea errektoregaia iraintzeagatik
Bengoetxeak irainak salatu ditu, baita hauteskundeetan "garbitasun falta" ere. Eva Ferreira errektore eta hautagaiak bere kolaboratzailearekin "desengainu handia" hartu duela adierazi du.
Agentziak | EITB Media
Guillermo Quindos EHUko errektoreordeak, Eva Ferreira egungo errektorearen kolaboratzaileak, karguari uko egin dio, sare sozialetan Joxerramon Bengoetxea errektoregaiari irainak bota baitizkio.
Eva Ferreira errektore eta hautagaiak, X sare sozialean argitaratutako mezu batean, jakinarazi du Quindosek, hautagaitzan harekin zebiltzanak, karguari uko egin diola, "errektoretza-taldearen eta unibertsitatearen beraren izaera eta balioak islatzen ez dituzten" mezuak sare sozialetan zabaldu baitzituen.
Ferreira "erabat atsekabetuta" agertu da, eta ziurtatu du ez zituela ekintza horiek ezagutzen, "modu erabat pribatuan" egin zirelako. "Mezuen edukia ez ezik, jokabidea ere guztiz onartezina iruditzen zait", gaineratu du.
Eva Ferreira eta Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoregaiek programak aurkeztu dituzte gaur Bilboko Bizkaia Aretoan egin den Unibertsitateko Klaustroan.
Bengoetxearen salaketa
Ekitaldian zehar, Joxerramon Bengoetxea hautagaiak hauteskundeetan "garbitasun falta" salatu du, baita X sare sozialean bere aurkako eta bere lantaldeko kideen aurkako irainak ere, Ikasle Kontseiluak zehaztu duenez.
Bengoetxeak adierazi duen bezala, irainen egilea Quindos errektoreordea da, Eva Ferreiraren hautagaitzako kidea.
Bengoetxeak informatikako ikasle talde batek egindako ikerketan oinarritu ditu bere ondorioak.
Bengoetxeak azaldu duenez, uztailean bilera bat izan zuten Eva Ferreirarekin, hauteskunde-prozesua "errespetuan oinarrituta eta garbia" izan zedin adosteko. Hala ere, kanpaina "zikina" izaten ari dela salatu du, eta "atxikipen politikoak" leporatu dizkiote. Era berean, erantsi duenez, azken asteetan bere hautagaitzako kideak "iraintzen eta difamatzen aritzen diren trollak agertu dira sare sozialetan".
Hautagaiaren hitzetan, informatikako ikasle batek txosten bat bidali dio "ziurtasun osoz erakutsiz troll kontu oldarkorrenetako baten atzean Eva Ferreiraren taldeko errektoreorde bat dagoela eta bere hautagaitzaren parte dela".
Ikasle Kontseilua
Txostena kontsultatu ondoren, Iñigo Ugedo Ikasle Kontseiluko presidenteak Bengoetxeak azaldutakoagatik kezkatuta dagoela adierazi du. "Ezin da izan, eta are gutxiago hauteskunde-prozesu batean, garbia, gardena eta eraikitzailea izan behar duena, jarrera negatiboak eta gorrotoa egotea", gaitzetsi du.
Ildo beretik, Zuzenbideko irakaslearen kasua gogorarazi du, diskurtso "matxista, arrazista eta homofoboak" egiteagatik kargugabetua, eta adierazi duenez, "gorrotzoko jarrera batzuek ez dute lekurik Unibertsitatean".
Ikasleen organoak, hori bai, azpimarratu du euren jarrera "neutrala" izan dela eta jarraitzen duela izaten hauteskundeen aurrean, baina horrek ez die eragotzi "gorrotozko jarrerek unibertsitate publikoan lekurik ez" dutela azpimarratzea.
Bestalde, gogorarazi dute azaroaren 19an, 12:00etan, bi errektoregaiek euren programei buruzko eztabaida izango dutela, Leioako Areto Nagusian. Ikasleen Kontseiluak berak antolatu du hitzordua, eta ikasleak izango ditu ardatz nagusi.