Gizartea -
IÑIGO ERREJON auzia
Epaileak bertan behera utzi du Errejonen aurkako auzia, salatzailearen abokatuaren baja dela eta
Horrenbestez, bertan behera geratu dira prozeduraren epeak eta ekintza prozesalak; bihar, asteartea, Errejonek (ikertua) eta Elisa Mouliaa aktoreak (salatzailea) deklaratzea aurreikusita zegoen.
AGENTZIAk | EITB MEDIA
Iñigo Errejon ikertzen ari den epaileak auzia bertan behera uztea erabaki du, Elisa Moulia salatzailearen abokatuaren baja dela eta. Aktorearen abokatuak baja medikoa hartu du, haurdun baitago. Iñigo Errejon Sumarren Parlamentuko bozeramaile ohia ikertzen ari da epailea, ustezko sexu-eraso delitu batengatik.Magistratuak Mouilaaren abokatuaren eskaera aintzat hartu eta prozeduraren epeak eta ekintza prozesalak bertan behera utzi ditu; izan ere, bihar, asteartea, Errejonek (ikertua) eta aktoreak deklaratu behar zuten, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
Mouliaa izan zen Errejonen aurkako salaketa jarri zuen lehen emakumea, ustezko sexu-eraso delitu batengatik. Joan den asteazkenean, aktorearen abokatuak Adolfo Carretero magistratuari eskatu zion aurreikusitako deklarazioak bertan behera utz eta auziaren epeak geldiarazi zitzan, abokatuak haurdunaldia dela eta baja hartu duelako.
Egun horretan bertan, iturri juridikoek EFEri jakinarazi ziotenez, magistratuak auto bat eman zuen bere eskaerak atzera botatzeko eta aktorearen deklarazioa azaroaren 12rako ezartzeko, Errejonek ikertu gisa deklaratzeko hitzordua zuen egun berean.
Astelehen honetan, ordea, epaileak autoa eman du, eta abokatuaren eskaera onartu du.
Elisa Mouliaa aktoreak Poliziaren Familia eta Emakumea Artatzeko Unitatean salatu zuen Errejon, 2021eko irailean ustez sexu-erasoa egin ziolako.