Gizartea -

MINBIZIA

Kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa programa 70 eta 74 urte bitarteko herritarrei zabaldu die Osakidetzak

Kolon eta ondesteko baheketari esker, 70-74 adin tartean koloneko tumoreen detekzioa % 25 handitzea aurreikusten du Osasun Sailak.

Kolon eta ondesteko minbizia atzemateko testa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Kolon eta ondesteko minbizia atzemateko testa
Kolon eta ondesteko minbizia atzemateko testa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren asmoa da 70 eta 74 bitarteko herritarrek kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko programara jo dezatela eta, hortaz, adin tarte horretan dauden 120.000 pertsona inguruk gutuna jasoko dute, baheketan parte hartzeko gonbidapena eginez.

Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, 70-74 adin tartean koloneko tumoreen detekzioa % 25 handitzea aurreikusten du. 

Espainiako Estatuan kolon eta ondesteko baheketa 70 eta 74 urte bitarteko guztiei eskaintzen dien lehendabizikotako autonomia erkidegoa da, eta horrek "aitzindari" egiten du.

Europar Batasunak 2022an kolon eta ondesteko baheketa 74 urtera arte luzatzea gomendatu zuen, eta gomendio hori bere egin du orain Osasun Sailak.

Kolon eta ondesteko baheketa 74 urtera arte luzatu ondoren, Osakidetzak 50-74 urteko 350.000 pertsona ingururi dei egingo die urtero baheketa programan parte har dezaten.

Baheketa herritar gehiagori zabaldu arren, Osasun Sailak gaur egungo partaidetzari (% 72) eutsi nahi dio. Gaur-gaurkoz, Osakidetza nazioarteko erreferentea da kolon eta ondesteko baheketako parte-hartzeei dagokienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Minbizia bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Adinekoei buruzko albisteak