Gizartea -
Delituak
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen ausarkeriaz gidatzen ari zela ertzain bat harrapatzen saiatzeagatik
Zenbait patruila gizona geldiarazten saiatu ziren, eta, kaleetako batean, agente bat kalearen erdian jarri zen, gidaria geldiarazteko asmoz. Gidariak abiadura moteldu zuen hasieran, baina, bat-batean, azeleratu egin zuen, harrapatu nahian. Atxilotu egin dute, hainbat delitu egotzita.
Agentziak | EITB Media
24 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta bide-segurtasunaren eta osasun publikoaren aurkako bi delitu egotzita, ausarkeriaz eta abiadura handian gidatzen ari zela ertzain bat harrapatzen saiatzeagatik.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larunbat gauean, megafonia bidez nahiz patruila-autoen argiekin gelditzeko eskatu zioten behin baino gehiagotan, baina gidariak ez zien jaramonik egin aginduei.
Zenbait patruila gizona geldiarazten saiatu ziren, eta, kaleetako batean, agente bat kalearen erdian jarri zen, gidaria geldiarazteko asmoz. Gidariak abiadura moteldu zuen hasieran, baina, bat-batean, azeleratu egin zuen, ertzaina harrapatu nahian.
Ertzainak presaka baztertu behar izan zuen autoak harrapa ez zezan, eta, ondorioz, min hartu zuen beso batean.
Handik gutxira, iheslariak ibilgailua gelditu zuen Sansomendi auzoko industrialde batean, eta ezkutatzen saiatu zen. Ertzainek harrapatu egin zuten azkenean, baina ez erraz, gogor egin baitzien aurre.
Ibilgailuan egindako miaketan, haxix zati bat eta doitasun-balantza bat aurkitu zituzten, saltzeko substantziak dosifikatzeko erabili ohi dena.