Gizartea -
Goialdeko depresioa
EAEko 40 udaltzain eta ertzain Valentziara joango dira astelehenean, 15 ibilgailutan
Alcudiara joango dira, batez ere segurtasun lanetan aritzeko, bertako enpresetan egiten ari diren lapurretei aurre egiteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAEko 40 udaltzain eta ertzain boluntario gisa joango dira astelehenean Alcudiara, goi-geruzetako depresio isolatuak bortizkien astindutako udalerrietako batera. Barakaldoko elkarte batek antolatuta, 15 ibilgailuak elkarrekin joango dira. Gipuzkoatik aterako dira batzuk, Bizkaitik beste batzuk eta Arabatik gainerakoak, eta Tuteran batuko dira denak, bidaia elkarrekin egiteko.
ErNE sindikatuko arduradun Aitor Otxoak azaldu duenaren arabera, oraingo honetan irabazi asmorik gabeko erakunde batek antolatuta egingo dute bidaia, baina datozen bi asteetan boluntario gehiago bidaltzeko asmoa dute.
Hasierako batean, baina, Alcudiara iristea dute helburu, batez ere, segurtasun lanetan aritzeko, bertako enpresetan gertatzen ari diren lapurretei aurre egiteko asmoz.
Dena den, ErNEk Ertzaintzako zuzendaritzarekin hitz egin du jakinarazteko Valentzian beste edozein lan egiteko prest daudela. "Gobernuz kanpoko erakunde batek antolatuta goaz, baina beste mota bateko beharren baterako behar bagaituzte, eskatutakoa egingo dugu, laguntzera baikoaz", azpimarratu du Otxoak.
Ordezkari sindikalaren hitzetan, "jendea Valentziara joateko gogoz dago, eta badaki zertara doan, lan egitera". Bidaia ez dute lehenago egin antolatuta joan nahi zutelako, "hondamendiak jotako guneetan dituzten beharrak bete ahal izateko".
"Poliziak gara, eta denok ikusi ditugu gauza gordinak, baina, noski, ez da gauza bera Valentziako irudiak telebista bidez ikustea edo bertan egotea", erantsi du.