Gizartea -
GERTAKARIA
Atxilotu dute Valentziako monasterio batean fraideei eraso zien gizona
"Jainkoaren izenean" jipoitu zituen erasotzaileak elizgizonak, eta bat oso larri utzi zuen. Beste hiru erlijioso ere zauritu zituen.
EITB MEDIA
Gizonezko bat atxilotu dute goizaldean Gileteko (Valentzia) Espiritu Santoaren monaterioko fraideei eraso egitea leporatuta, bertako Guardia Zibileko iturriek zabaldu dutenez.
Ikerketako iturrietatik zehaztu dutenez, atxilotuak 46 urte ditu, eta Puçolen dute, astelehenean epailearen esku uzteko.
Komentuko fraide bat oso larri dago erasoaren ondorioz. Guardia Zibilaren arabera, gizonezko batek monasterioko hesia gainditu zuen eta bertan zeuden zazpi erlijiosori eraso zien.
Beste iturri batzuen esanetan, erasotzaileak makila bat, makulu bat eta kristalezko botila bat erabili zituen fraideak jipoitzeko.
Bestalde, Sortzez Garbiaren frantziskotarren probintzialak, frai Joaquin Zurera Ribok, ohar bat argitaratu zuen gertakariaren berri emateko, eta esan zuen pertsona bat komentuan sartu zela eta logeletan zeuden erlijiosoei eraso ziela.
Larrialdietarako Informazio eta Koordinazio Zentroaren arabera, 10:00ak aldera jaso zuten Gileteko monasterio horretan zauritutako fraide batzuei laguntzeko abisua, eta hainbat osasun-baliabide bidali zituzten bertara.
Zehazki, Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzia batek 76 urteko fraide bat eraman zuen Ospitale Klinikora garezurreko traumatismoarekin; Oinarrizko Bizi Euskarriko unitateek, berriz, beste hiru fraide zaurituta eraman zituzten Saguntoko ospitalera, kolpatuta. 57, 66 eta 95 urte dituzte.
Erlijiosoen elkarteak erasoa gaitzetsi zuen eta anaien sufrimenduarekin bat egin zuen, "gorputzeko zauriekin eta bizi izandakoak ariman eragindako minarekin, zalantzarik gabe, arrasto sakona uzten baitute pertsonengan".
"Erasotzailearen alde egitea ere eskatzen dugu, egindako minaz jabetu dadin eta gai izan dadin bere jokabidea zuzentzeko eta egindakoaz damutzeko", zioen komunikatuak. Halaber, elizgizonei eskatu zieten elkar zaindu dezatela eta adi egon daitezela monasterioan jasotzen dituzten bisitekin.