Gizartea -
Euskara
Euskara "larrialdi linguistikoan" dagoela-eta, "lehentasunezko ekinbidetzat" hartzeko dei egin du ELENek
Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak larunbat honetan onartutako ebazpenean, euskararen normalizazio-prozesua moteltzearen arrazoiak azaldu dituzte, eta eraso judizialak, euskararen ofizialtasunari eremu batzuetan jarritako betoa edo globalizazioa aipatu dituzte horien artean.
EITB Media
Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak (ELEN, ingelesezko sigletan) adierazi duenez, euskara "larrialdi linguistikoan" dago, eta hala jaso du larunbat honetan Bilbon egindako bilera orokorrean onartutako ebazpenean.
Erakundeak azaldu duenez, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako "susperraldia moteldu den zantzuak agerikoak" dira azken urteotan, hiztun kopurua handitzen ari den arren, eta ELENen ebazpenaren arabera, "hainbat dira aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak".
Iaz argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako adibide batzuk aipatu dituzte horren eraskusle. "Ipar Euskal Herrian hiztunen kopuruak behera egiten jarraitzen du; Nafarroan, hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik izan euskararekin ikasketetan; Euskal Autonomia Erkidegoko eremu euskaldunenetan, hizkuntzaren erabilerak atzera egiten du, eta joera orokorrak erakusten du gero eta gutxiago direla euskaraz arintasunez hitz egiten dutenak", azaldu dute.
Era berean, hiztunen % 17,5ek baino ez dute beren eguneroko bizitzan euskaraz erdaretan baino gehiago hitz egiten, horien esanetan. Horren aurrean, ELENek ondorioztatu du euskararen erabilera soziala "ahula" dela, eta, hain zuzen ere, faktore hori da hizkuntza baten osasunaren "adierazgarri behinena".
"Oldarraldi judiziala"
"Ahultasun horrek", adituen iritzian, lotura estua du euskararen ofizialtasunarekin, Nafarroako zati handi batean eta Ipar Euskal Herria osoan "ukatua" baitu euskarak estatus hori, eta egoera horrek are gehiago oztopatzen du "minorizatutako hizkuntza bat berreskuratzeko prozesua".
Euskarak izaera ofiziala duen eremuetan (Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako "eremu euskaldunean"), euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epaiak izaten ari dira, "normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra", salatu dutenez.
"Epai horiek euskararen aldeko neurriak diskriminatzailetzat jotzen dituzte, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7.2 artikuluak ezarritakoa auzitan jarriz", horien esanetan.
Are gehiago, "oldarraldiak dimentsio politiko eta mediatikoa" ere baduela uste dute, eta "tamalez" euskara eta euskal hiztun komunitatea minorizaziotik ateratzeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituzten diskurtsoak ugaritu egin direla. Salatu dutenez, diskurtso horiek "adostasun soziala urratzen dute eta kohesio eta justizia sozialaren aurkakoak dira".
Erronka berriak
Era berean, ELENen arabera, globalizazioak euskararen ahultasun-egoera areagotu du, eta "mugikortasunak eta errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak, bizitzaren digitalizazioak eta merkantilizazioak" bezala, "erronka berriak" ezarri dizkiote normalizazio eta biziberritze prozesuari.
"Begi-bistakoa da globalizazioaren egungo aldaeraren ondorioetako bat dela egiturazko botere harremanak boteretsuen alde indartzen dituela dimentsio politiko, ekonomiko eta sozial guztian, eta hizkuntzen eta hiztun komunitateen arteko botere harremanak ez daude dinamika horretatik salbu. Laburbilduz, globalizazioaren eta bizitzaren digitalizazioaren eraginez hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta hizkuntza minorizatuak are eta zaurgarriago", hausnartu dute.
Horrenbestez, euskararen normalizazioa eta biziberritzea "lehentasunezko ekinbidetzat" hartzeko eskatu diete instituzio, agintari eta, oro har, eragile politiko eta sozialei, eta herritarrei, berriz, "egun zeharkatzen gaituzten osterantzeko larrialdi sozial eta politikoak bezala, euskararen normalizazioaren ingurukoa ere konpromiso zibikoz berena egiten dezatela".
Azkenik, "homogeneizazio kulturala saihesteko eta hizkuntza eta hiztun komunitate minorizatuen normalizazio eta biziberritzea bultzatzeko" dei egin die erakundeak Europako instituzio, agintari, eragile politiko, sozial zein herritarrei, "bakoitzari dagozkien eskumen eta arduretatik".
Bertan izan dira, beste askoren artean, Elin H. G. Jones ELENeko presidentea, Davyth Hicks ELENeko idazkari nagusia eta Idurre Eskisabel ELENeko presidenteorde eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.
Atzo-gaurretan Bilbon egin du European Language Equality Network (ELEN) erakundeak 2024ko Batzar Orokorra. ELEN Europako lurralde-hizkuntzak sustatzeko eta babesteko lan egiten duen nazioarteko erakundea da. Gaur egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak, euskara barne.