Gizartea -
Goialdeko depresioa
Mazonek Riberaren hitzak gezurtatu ditu eta 20:00ak arte egoerarekiko interesik agertu ez izana leporatu dio
Valentziako Generalitateko presidenteak gezurtatu egin ditu Teresa Riberaren hitzak, hark esan ostean kosta egin zitzaiola Mazonekin harremanetan jartzea urriaren 29an, eta gaineratu du Ministerioko inork ez zuela depresioarekiko interesik agertu 20:00ak arte.
EITB MEDIA
Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak esan du ez Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak ez Ministerioko inork ez zuela goi-geruzetako depresio isolatuaren inguruko interesik agertu urriaren 29ko 20:00ak arte.
"Nola da posible nirekin harremanetan jartzen saiatu zela esatea ministroak?", galdetu du Mazonek À Punt telebista publikoari eginiko adierazpenetan, Riberak Mazonekin harremanetan jartzeko "lau aldiz deitu" behar izan ziola adierazi ostean.
Mazonek adierazi du Riberaren SMS mezu bat duela eta balitekeela "dei galduren bat izatea, baina ez zortziak baino lehen, zortziak pasatuta baizik".
Ildo beretik, Mazonek azaldu du egun horretan kazetari batekin egon zela bazkaltzen, hitzordua aldez aurretik jarrita, À Punt enpresaren etorkizunaz hitz egiteko, baina bazkari horretan zehar eta ondoren goialdeko depresioaren bilakaeraren berri ematen aritu zela azpimarratu du.
Nolanahi ere, "arratsaldeko zazpiak arte hori egitea ezinezkoa" izan zela esan du, ordura arte Jucarko Konfederazio Hidrografikoak ez zielako denboralearen bilakaeraren berri eman.