Gizartea -
Trafikoa
N-1 errepidea itxi dute Legorretan, Irunerantz, kamioi batek erregaia galdu eta hainbat istripu eragin ostean
Sei ibilgailuk irrist egin dute eta errepidetik atera dira, baina ez da inor zauritu. Auto-ilarak sortu dira, eta trafikoa GI-2131 errepidetik desbideratu dute errepidea garbitzen aritu diren bitartean.
EITB MEDIA
N-1 errepidea guztiz itxi behar izan dute larunbat eguerdian Legorretan (Gipuzkoa), Irungo noranzkoan, hainbat istripu izan baitira bata bestearen atzetik.
Gertatutakoa ikertzen ari badira ere, istripu horiek guztiak kamioi batek erregaia galdu eta errepidean isuri ostean gertatu dira.
Hori dela eta, atzetik zihoazen autoetako seik irrist egin dute eta errepidetik atera dira. Zorionez, ez da inor zauritu.
Istripua izan duten autoak erretiratu dituzte, eta galtzada garbitzeari ekin diote ondoren. Lanean aritu diren bitartean, GI-2131 errepidetik bideratu dute trafikoa, eta auto-ilarak sortu dira.