Gizartea -
EGURALDIA
Udazken itxura hartuko du aroak asteburuan
Azken egunotako eguraldi argi eta epela atzean utzita, bustitik joango zaigu asteburua, batez ere Gipuzkoa ekialdean, Nafarroa iparraldean eta Lapurdin. Tenperaturak behera egingo du, eta maximoak 16-19 °C bueltan kokatuko dira.
EITB MEDIA
Fronte hotz bat sartuko da gaur gauean, eta azken egunetako giro atsegina ezerezean utziko du, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera. Hori horrela, asteburuan giro goibela izango dugu nagusi, euri eta guzti —ipar-ekialdean eta larunbatean gehienbat— eta termometroak ez dira 20 ºC-ra iritsiko.
Larunbatean, sasoiari dagokion eguraldia itzuliko da Euskal Herrira. Goizean, hodei dezente agertuko dira eta euria egingo du, batez ere isurialde atlantikoan. Lurraldearen ipar-ekialdean, zaparrada mardulago batzuk bota ditzake goizaldean eta goizean goiz, eta ipar partean, zaparradak botako ditu arratsaldean han-hemenka, baina gainerakoan atertzera egingo du eta ostarteak irekiko dira. Tenperaturak behera egingo du, eta udazkeneko balioetara bueltatuko da: minimoak 10 ºC-tik gora izango dira (Gasteiz eta Iruñea izango dira salbuespena, 6-8 ºC-rekin), eta maximoak 16-19 ºC-ren bueltan errendituko dira.
Igandea ez da bezperakoa bezain egun euritsua izango, baina busti egingo du, batez ere isurialde atlantikoan. Lurraldearen hegoaldean, aldiz, argiagoa izango da giroa. Lurraldearen ipar-ekialdean, behe-hodei dezente agertuko dira, euria egingo du tarteka, eta baliteke zaparrada mardulagoren bat botatzea. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, eta maximoak larunbatekoen antzekoak (17-18 ºC, asko jota) izango dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta bidali zure argazkiak eta bideoak.