Gizartea -
GOIALDEKO BORRASKA
Goialdeko borraskak kolpatutako udalerriak hondamendi eremu dira, ofizialki
Zehazki, urriaren 28tik azaroaren 4ra goialdeko borraskaren eragina pairatu zuten Valentziako Erkidegoko, Gaztela-Mantxako, Andaluziako, Kataluniako eta Aragoiko hainbat udalerriri eragingo die hondamendi eremu izendapenak.
Agentziak | EITB Media
Goialdeko borraskak gehien kolpatu dituen guneak hondamendi eremu izendatzea onartu zuen pasa den asteartean Ministroen Kontseiluak, baina agindua gaur argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta, hortaz, gaur sartu da ofizialki indarrean.
Zehazki, urriaren 28tik azaroaren 4ra goialdeko borraskaren eragina pairatu zuten Valentziako Erkidegoko, Gaztela-Mantxako, Andaluziako, Kataluniako eta Aragoiko hainbat udalerriri eragingo die hondamendi eremu izendapenak.
Ministroen Kontseiluaren azaroaren 5eko aginduaren arabera, hondamendi eremu izendatzea justifikatuta dago goialdeko borraskak eragindako kalteei aurre egiteko, oinarrizko zerbitzuak berrezartzeko eta normaltasunera itzultzeko. Babes zibileko larrialdi egoera batek lazki kaltetutako eremu izendatzeak kaltetuek laguntza jasotzea erraztu eta azkartuko du.
Izendapenarekin batera, goialdeko borraskak kaltetutakoei 10.600 milioiko lehen laguntza sorta helaraziko zaiela argitaratu du gaur Estatuko Aldizkari Ofizialak. Laguntza zuzenak ez ezik, zergak ordaintzeko salbuespenak, hipotekak ordaintzeko moratoriak eta Kreditu Ofizialeko Institutuak emandako ICO-DANA izeneko kreditu lerroak ere jasotzen ditu.
Larrialdiari erantzuteko eta kaltetutako eremuak berreraikitzeko Espainiako Gobernuak onartutako plana hurrengo egunetan igorriko dute Diputatuen Kongresura, tramitazioari ekin diezaioten.