Gizartea -

TRAFIKOA

Behobia-Donostia lasterketa dela eta aldaketak izango dira hiriko trafikoan, garraioan eta aparkalekuetan

Igandeko lasterketa herrikoiak eragina izango du autobusen ibilbide eta geltokietan eta TAO zerbitzuan eta lurrazpiko aparkalekuetan. Hori dela eta, garraio publikoa erabiltzea gomendatu du Donostiako Udalak.

Behobia-Donostia lasterketako iazko irudi bat. Artxiboko argazkia: EFE
Behobia-Donostia lasterketako iazko irudi bat
Behobia-Donostia lasterketako iazko irudi bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behobia-Donostia lasterketa herrikoi ezaguna egingo da igande honetan, eta, ohi bezala, kirol probak eragina izango du hiriko trafikoan, garraio publikoan eta aparkalekuetan. Esaterako, Boulevard Zumardia itxita egongo da larunbateko 05:00etatik igandeko 17:00etara. 

Gauzak horrela, Donostiako Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.

Donostiako Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Boulevard Zumardia eta zenbait kale eta etorbide itxita egongo dira hainbat orduz. Zehazki, ibilgailuak ezin izango dira Peñaflorida kaleara sartu, 05:00etatik 17:00ak arte. Lasterketa amaitu arte, ibilgailu partikularrak (egoiliarrak izan ezik) ezin izango dira Boulevardera sartu Askatasunaren Hiribidetik.

Zurriola hiribidea ere, Lapurdi plazatik, itxita egongo da 08:30etik 09:00etara, azken kilometroko arkua muntatu ahal izateko. Egoera bertsuan egongo da, 09:30etik desmuntatze lanak amaitu arte (15:15ean, gutxi gorabehera).

09:30etik 15:00etara lasterketaren ibilbidea errazteko asmoz, mugikortasun agenteek itxi egingo dituzte erdialderako norabidea duten honako kaleak: Jose Elosegi, Ategorrieta, Nafarroa, Zurriola eta Boulevard. Hiriko irteeretan ez da gorabeherarik izango, eta gainerako bideak irekita egongo dira. 

Ulia pasealekuko bizilagunak, 09:30etik 13:00etara, Mendiola bidetik Herri Ametsa ikastolara joan beharko dira, eta bertatik, Bidebietara.

Halaber, hiriaren ekialdetik irten edo hirira sartzeko Gi-20 saihesbidea erabiltzea gomendatu dute, Intxaurrondo, Marrutxipi (lotura berria Monsen) eta Altza lotuneetatik. Grosera iristeko, ordea, Loiolako Erriberako sarbidea edo Carlos I etorbidea erabiltzea aholkatzen da.

Lasterketa hurbildu ahala, erabat eragotziko zaie ibilgailu mota guztiei zirkuituan sartzea edo hura zeharkatzea. Hiriaren erdialderako sarbideak, une batzuetan, San Martin kaletik egongo dira itxita, eta, beste batzuetan, Askatasunaren Hiribidetik.

Aldaketak autobus zerbitzuan

Lasterketa ekialdetik etorriko denez, garraio publikoko autobus guztiak (Dbus, Ekialdebus eta Lurraldebus) Zubiaurre pasealekutik hurbilduko dira Jai Alairaino, Galtzara Nagusira eta Kolon Pasealekura, eta Mirakruz gainerantz, Mirakruz kaletik edo/eta Zubiaurre pasealekutik.

Lasterketa bukatu ahala, 15:00etatik aurrera gutxi gorabehera, ibilbide eta geraleku guztiak ohiko lekura itzuliko dira, Boulevardeko geralekuak izan ezik (17:00etatik aurrera, espero da). Dbuseko ibilbideetan eta geltokietan aldaketak egingo dira 07:00etatik 17:00etara gutxi gorabehera.

Ekialdebuseko Bidasoaldea, Oarsoaldea eta Donostialdeko lineek eta Lurraldebuseko Buruntzaldea eta Bidasoa-Oarsoaldeakoek ere aldaketak jasango dituzte.

Azkenik, 04:00etatik 07:00etara taxien geltokia Boulevard Zumardiko 3.era eramango dute (Altzako 13 autobusaren geltokia), eta 07:00etatik aurrera ez da zerbitzurik izango Boulevardean.

Aparkalekuak eta TAO zerbitzua

Hiriko aparkalekuetan ere eragina izango du lasterketak. Hori horrela, TAO 1-1 sektoreko aparkaleku-bereizgarria duten egoiliarrek baimena izango dute hiriko gainerako sektoreetan aparkatzeko, baldintza berdinetan. Baimen hori ostiraletik astelehenera egongo da indarrean, biak barne. Dena dela, egoiliar horiek ezin izango dute ibilgailua dohainik aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan (15 eremuko guneetan), araututako ordutegiaren barnean.

Bestalde, lurrazpiko aparkalekuen egoera honakoa izango da: Boulevardeko parkingeko erabiltzaileak Boulevard-Hernani bidetik prestatutako erreitik irten ahal izango dira egun osoan. Sartzea, baina, debekatuta egongo da 09:45etik 14:30era. Kursaalari dagokionez, ibilgailuak Nafarroa hiribiderantz irten beharko dira 10:30ak arte, baina korrikalariek lehentasuna izango dute. Erabiltzaileak ezingo dira irten 10:30etik 14:30era, gutxi gorabehera. Okendoko aparkalekuan, ezin izango da Argentinako Errepublikara sartu 09:45 baino lehen. Okendo kaleko irteera 10:30etik aurrera itxiko dute, eta, ordutik aurrera, irteera Argentinako Errepublikatik egingo da kontrako bidetik, Espainia Plazaraino. Azkenik, Kontxan, Andia kaleko sarbidea 05:30ean itxiko dute. Askatasunaren Hiribideko sarrera eta irteera irekita egongo dira egun osoan zehar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostiako Udala Behobia zuzenean Donostia Gipuzkoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Beste kirol batzuk TAO guneak Garraio publikoa gaur