Gizartea -
EPAIKETA
Santi Cocaren hilketa argitzeko bigarren epaiketa abian da, herri-epaimahia aukeratuta
Akusatu bakarra eseri da oraingoan aulkian, Santi Cocaren hilketan ustez erantzukizun handiena izan zuena. Kasuaren intrukzio fasean ihes egin zuen, eta otsailean aurkitu zuten, Frantzian. Fiskaltzak zein herri akusazioak 20 urteko kartzela zigorra eskatu dute harentzat.
EITB MEDIA
Santi Cocaren hilketaren bigarren epaiketa hasi da astelehen honetan Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, Donostian, herri-epaimahaia osatuta. Akusatuen aulkian eseri da lehenengoan egon ez zen auzipetua eta ustez hilketan erantzukizun handiena izan zuena. Ihes egin zuen kasuaren instrukzio fasean, eta, otsailean, Frantzian atxilotu zuten.
Coca 2019an hil zuten, Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean jipoia emanda. Gertakaria argitzeko egindako lehenengo epaiketan, akusatuetako lau absolbitu egin zituzten, eta beste bati hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten arduragabekeriazko hilketa egotzita, baina intoxikazio etilikoaren aringarriarekin.
Gaur, bigarren epaiketaren lehendabiziko saioan, herri-epaimahaia osatuko duten bederatzi kideak eta bi ordezkoak aukeratu dituzte. Aurretiazko alegazioetan, fiskalak epaimahaikideei eskatu die "lehen epaiketa ahazteko" eta akusatu nagusiaren "benetako asmoak" zeintzuk ziren argituta erabakitzeko.
Akusazioei dagokienez, Santiren familiak bertan behera utzi du prozesua, luzea eta garestia baita. Donostiako Udala herri akusazio gisa aurkeztu da, eta haren abokatuak kasuak hirian eragin zuen "kezka" eta "inpaktu soziala" ekarri ditu gogora.
Defentsaren abokatuak, berriz, akusatuak gertakarien unean "19 urte besterik ez" zituela nabarmendu du, eta epaimahaiari galdegin dio "probak oinarri hartuta" ondu dezatela berediktua, ihes egin izana alde batera utzita.
Fiskaltzak eta herri-akusazioak 20 urteko espetxe zigorra eskatu dute auzipetuarentzat. Haren defentsak, berriz, absoluzioa.