Gizartea -

GOIALDEKO BORRASKA

Bonaireko merkataritza-guneko aparkalekuan arakatutako lehen 50 ibilgailuetan, oraingoz, ez dago biktimarik

Goizean goizetik miatzen aritu dira lurpeko aparkalekua, eta kezka nabarmena da oraindik ere, milaka kotxe egon baitaitezke egun luzez ur azpian egon den parking horretan harrapatuta. Ura ateratzeko lanei esker, 1,5 metro jaitsi da uraren maila, baina oraindik asko dago egiteko.

Irudia: EFE
Irudia: EFE
Bonaire merkataritza-guneko aparkalekuan arakatutako lehen 50 ibilgailuetan ez dute biktimarik aurkitu

0:38

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goialdeko borraskak utzitako sarraskitik ia astebetera, Valentzian gorpuen erreskatean egun garrantzitsua izan liteke gaurkoa, bereziki Bonaireko merkataritza-guneko lurpeko parkingean. Polizia Nazionalak baieztatu duenez, dagoeneko 50 auto arakatu dituzte eta oraingoz bilaketa taldeek ez dute biktimarik aurkitu. Goizean goizetik miatzen aritu dira, eta kezka nabarmena da oraindik ere, milaka kotxe egon baitaitezke egun luzez ur azpian egon den aparkaleku horretan.

Larrialdietako Unitatea buru belarri lanean ari den lekuetako bat da Aldaia herriko merkataritza-gunea, eta oraindik ez dakite biktimarik ote dagoen parkingean harrapatuta. Lurpeko aparkalekua urez eta lokatzez bete zen joan den asteartean, eta atzotik larrialdi zerbitzuak erlojuaren kontra ari dira lanean.

Oraingoz, lurrazaletik gertu urpean zeuden lehen 50 autoetan ez da biktimarik agertu. Larrialdietako Unitate Militarra ari da aparkalekua arakatzen, eta miaketak egiten jarraitzen du, ez baitakite guztira zenbat ibilgailu dauden aparkalekuan, uholdeetan urak erabat hartu baitzuen gunea. Nabarmendu dutenez, aparkalekuak 2.500 plaza ditu.

Polizia Nazionalak Aireko Unitateko drone-operadorek hartutako irudien bideo bat partekatu du bere X sareko kontuan, eta, bertan ikusten denez, uraren maila jaitsi bada ere, oraindik ezin da aparkalekuaren sarreratik sartu.

Asteburuan, UME lurrazpiko aparkaleku horretatik ura ateratzen aritu da, eta oraindik ere horretan dabiltza, buru belarri. Ura ateratzeko lanei esker, 1,5 metro jaitsi ahal izan da uraren maila, baina oraindik asko dago egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Valentziako Erkidegoa Goialdeko depresioa