Gizartea -
GOIALDEKO BORRASKA
Uholdeak Bartzelonan eta atzerapenak Prat aireportuan, euriteen ondorioz
Gainera, Renfek bertan behera utzi du Kataluniako aldirietako eta distantzia erdiko zerbitzua. Kataluniako Generalitateak alerta mezuak bidali ditu Bartzelona, Garraf eta Baix Llobregat eskualdeetako telefono mugikorretara.
Agentziak | EITB Media
Azken egunetan bereziki Valentziako probintzia astindu duen goialdeko borraskak (goi-geruzetako depresio isolatua edo GOIDI ere deitua) iparralderako bidea egin du azken orduetan, eta uholdeak eragin ditu Katalunian. Euriteen ondorioz, hainbat errepide urak hartu ditu eta arazoak sortu dira, besteak beste, Bartzelonako Prat aireportuan.
AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak alerta maila gorena ezarri du (gorria) Bartzelonako Garraf eta Barcelones eskualdeetan, eta Kataluniako Generalitateak alerta mezuak bidali ditu eskualde horietako telefono mugikorretara. Besteak beste, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eta erreka eta ibai inguruetatik aldentzeko eskatu die herritarrei.
Eguraldi iragarpenaren arabera, metro koadroko 180 litro pilatu daitezke 12 orduan Bartzelonako kostaldean, bereziki, Baix Llobregat eskualdean —Castelldefels eta Gava— eta inguruetan.
Kataluniako Generalitateko Babes Zibilak alerta mezuak ere bidali ditu Baix Llobregat, Maresme, Valles mendebaldea eta Valles ekialdeko telefono mugikorretara.
Beste aireportuetara bideratutako eta atzeratutako hegaldiak, Bartzelonako aireportuan
Euriteen ondorioz, hainbat hegaldi atzeratu eta gutxienez 15 beste aireportuetara bideratu egin behar izan dituzte Josep Tarradellas Barcelona-El Prat aireportuan.
Oscar Puente Espainiako Garraio ministroaren arabera, Bartzelonako aireportuan krisi batzordea osatu dute, egoera bertatik bertara jarraitzeko. X sare sozialean zabaldutako mezu batean azaldu duenez, T1 terminala eta aparkalekua dira tokirik kaltetuenak.
Kataluniako aldirietako eta distantzia erdiko tren zerbitzua, bertan behera
Renfek bertan behera utzi du astelehen honetan Kataluniako aldirietako eta distantzia erdiko tren zerbitzua, Rodalies deiturikoa.
Hala ere, bidean zeuden trenak helmugara iritsi dira.