Gizartea -
GERTAKARIA
Bi pertsona atxilotu dituzte Donostian beste bati buruan ostikoak jo eta konorterik gabe uzteagatik
Hilketa saiakera egotzi diete biei. Erasoa igande gauean gertatu zen, Gipuzkoako hiriburuko autobus-geltokiaren kanpoaldean, eta biktima Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten, zauri larriekin.
EITB MEDIA
Ertzaintzak 29 eta 37 urteko bi gizon atxilotu ditu bart Donostian, hilketa saiakera egotzita. Biktima Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten, zituen zauri larriak baitzituen.
Erasoa igande gauean 23:30ak aldera gertatu zen, Gipuzkoako hiriburuko autobus geltokiaren kanpoaldean. Hainbat lekukoren arabera, hiru pertsona eztabaidan ari ziren, eta horietako bik hirugarrenari eraso egin eta lurrera bota zuten. Behin lurrean, baina, erasotzailerik gazteenak buruan ostikoak ematen jarraitu zuen, biktimari konortea galarazi arte.
Hainbat lekukok SOS DEIAK 112 Larrialdi Zerbitzuari deitu zioten, eta Ertzaintzaren patruilak bertaratu ziren. Biktimak arnasa hartzeko zailtasunak zituen, eta haustura izan zezakeen buruan. Ondorioz, Donostia Ospitalera eraman zuten.
Bien bitartean, ingurua arakatu ondotik, Ertzaintzako agenteek geltoki inguruan topatu zituzten ustezko bi egileak eta tokian bertan atxilotu zituzten
Atxilotuak ertzain-etxean daude, epailearen aurrera noiz pasako zain.