Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Goialdeko depresioa Valentzian, kanpaina amaiera AEBn eta Santi Cocaren epaiketa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 4an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Goialdeko depresioa Valentzian: Gutxienez 214 pertsona hil dira Valentziako Erkidegoa, Gaztela-Mantxa eta Andaluzia astindu dituen goialdeko depresioak eragindako hondamenarn ondorioz. Biktima gehienak (210) Valentzia probintzian izan dira, 3 Gaztela-Mantxan eta 1 Andaluzian. Hala ere, biktima kopuruak gora egingo du, behin aparkalekuetatik eta tuneletatik ura eta lokatza atera dutenean. Valentzian alerta laranja ezarri dute gaurko, izan ere, baliteke ordubetean metro koadroko 40 litro pilatzea. Halaber, kaltetutako eremuetako errepideetako mozketak luzatzea erabaki dute.
- Kanpaina amaiera AEBn: Gaur amaituko da herrialdeko presidentea aukeratzeko hauteskunde kanpaina Ameriketako Estatu Batuetan. Bihar egingo da bozketa egun handia, eta 7 estatu giltzarriei begira bukatuko dute kanpaina Kamala Harris Alderdi Demokrataren AEBko presidentetzarako hautagaiak eta Donald Trump Alderdi Errepublikanoaren presidentegaiak. Izan ere, inkestek berdinketa teknikoa iragartzen dute bi hautagaien artean
- Santi Cocaren hilketaren bigarren epaiketa: Santi Cocaren hilketaren bigarren epaiketa gaur hasiko da, eta akusatuen aulkian eseriko da lehenengoan egon ez zen auzipetua, ihes eginda egon zena, Frantzian atxilotu zuten arte. Coca 2019an hil zuten, Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean jipoia jasota.