Gizartea -
Migrazioa
Gutxienez 55 pertsona hil dira azken orduetan Kanaria Uharteetako migrazio-ibilbidean
1.700 pertsona migratzaile baino gehiago iritsi dira pasa den ostiraletik Kanaria Uharteetara, 29 ontzitan. Horietatik gutxienez 86 emakumeak dira, eta 31 adin txikikoak.
EITB MEDIA
Ia 1.800 lagun iritsi dira Kanaria Uharteetara asteburu honetan eta, tamalez, gutxienez 55 hil egin dira Afrikatik Espainiara iristeko saiakeran.
Hil diren pertsonetatik 48 Hierro hegoaldean zegoen ontzi batean zihoazen, eta bost migratzaile Lanzarote inguruan zegoen ontzi bat hondoratuta hil dira.
Hierro hegoaldetik 370 kilometrora zegoen ontzian zihoazen 58 pertsonetatik hamar bizirik erreskatatu dituzte eta gainonerakoak, 48 lagun, hil egin dira. Bizirik atera diren guztiak Senegal, Mali eta Mauritaniako gizonezko helduak dira. Horietako lau Hierroko Uharte Ospitalera eraman behar izan dituzte. Kaiuko hori duela ia hiru aste atera zen Mauritaniako iparraldetik Kanaria Uharteetara.
Gainera, gutxienez bost pertsona migratzaile hil dira gaur, igandea, Lanzarotetik 90 kilometrora hondoratu den ontzi batean. Ontzi horretan zihoazen 17 pertsona bizirik erreskatatu dituzte Itsas Salbamenduko hegazkinek, airetik jauritako txalupa balsa bati esker.
Operazio berean, aurreko ontzitik gertu zegoen kaiuko batean zeuden 80 pertsona erreskatatu dituzte.
Gainera, atzo, larunbata, Hierrora iritsi zen 180 bidaiariko ontzian zihoan migratzaileetako bat hil da ospitalean.
Gauzak horrela, guztira 1.786 migratzaile baino gehiago iritsi dira pasa den ostiraletik Kanaria Uharteetara, 29 ontzitan. Horietatik gutxienez 86 emakumeak dira, eta 31 adin txikikoak.