Gizartea -
EGURALDIA
Eguraldi eguzkitsua izango dugu datorren astean, udaberri itxurako giroarekin
Tarteka hodeiguneak espero dira datorren asterako eta tenperatura maximoak 20 ºC-tik gora ibiliko dira. Ostiralean aldaketa espero da; termometroek behera egingo dute lurralde guztian eta euri zaparradak izango dira.
EITB MEDIA
Eguraldi epela eta eguzkitsua izan dugu Euskal Herrian Domu Santuko zubian, eta hala jarraituko du datozen egunetan ere. Tenperatura maximoak 20 ºC-ren bueltan ibili dira gaurko egunean, eta 24 ºC-ra iritsi dira ipar isurialdeko hainbat puntutan.
Bihar, astelehena, hodei gutxirekin hasiko dugu eguna kostaldean, udaberri itxurako giroarekin; tenperatura maximoak, 24 ºC-ren bueltan ibiliko dira bertan. Barnealdean, berriz, zerua hodeitsua egon daiteke, lainogune eta behe-hodeiekin, eta tenperatura maximoak 20 ºC ingurukoak izango dira. Arratsaldetik aurrera hodeiak denean ugarituko dira eta Mediterraneo isurialdeko zenbait tokitan zaparradak bota ditzake, batez ere hego-ekialdean.
Etzi, asteartea, ez da tenperatura aldaketa handirik egongo. Zerua tarteka hodeitsu egongo da; iparraldean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira nagusi, eta hegoaldean behe-hodei trinkoagoak agertuko dira. Arratsaldetik aurrera hodeiak gutxituz joango dira, batez ere iparraldean. Hego-haizea ibiliko da, arratsaldean kostaldean brisa.
Asteazken eta ostegunean, eguraldi bertsua egingo du; tenperaturak bere horretan mantenduko dira eta hodeiak gutxituz joango dira.
Ostiralean, berriz, aldaketa espero da; termometroek behera egingo dute lurralde guztian eta euri zaparradak izango dira.