Gizartea -
Delituak
Bi pertsona atxilotu dituzte Tolosan eta Deban, langileen legez kanpoko trafiko delitua egotzita
Gainera, bide segurtasuna arriskuan jartzea leporatu diete biei. Izan ere, atxilotuetako batek 10 lagun zeramatzan furgonetan, eta bigarrenak 22.
EITB MEDIA
Ertzaintzak bi lagun atxilotu ditu, biak 24 urtekoak, ustez langileen legez kanpoko trafikoan aritu direlako. Gainera, bide segurtasuna arriskuan jartzea leporatu diete biei. Izan ere, atxilotuetako batek 10 lagun zeramatzan furgonetan, eta bigarrenak 22, bidaiarien bizitza arriskuan jarrita.
Gertakari biak ostiral gauerdian jazo ziren, eta atxilotutako bi pertsonak arrazoi ezberdinengatik atzeman bazituzten ere, kasu biak lotuta daudela frogatu dute.
Alde batetik, Tolosan, N-1 errepidean gertatutako istripu baten berri jaso zuen Ertzaintzak 00:30ean. Hiru ibilgailu zeuden ezbehar horretan nahasita, eta bi pertsona arin zaurituta. Bertaratu zirenean, agenteek ikusi zuten kaltetutako furgonetetako batean 11 bidaiari zeudela, gehienez bederatzi egon zitezkeen arren. Halaber, susmoa zuten bidaiariak legez kontra zeramatzatela, eta gerora egiaztatu zuten horrela zela.
Bestalde, Deba parean, kasu honetan AP-8an, Brigada Mugikorreko agenteek argi barik, eta oso geldo zihoan furgoneta bat atzeman zuten. Ibilgailua gelditu zutenean, gidariak ihes egin zuen, eta Zumaiako ordainlekuan harrapatu zuten azkenean. Orduan ikusi zuten gidariaz gain, beste 22 lagun zeudela furgoneta barruan. Europara bidean ziren, ustez bertan lan egiteko.
Gauzak horrela, polizia etxera eraman zituzten bidaiari guztiak, eta identifikatu ostean, 24 urteko bi gidariak atxilo hartu zituzten, aipatu bi delituak egotzita.
Izapideak burututa, atxilotuetako bat epailearen aurrera eraman zuten atzo, eta besteak gaur deklaratu du.