Gizartea -
VALENTZIA
Garbiketa lanetan dabiltzanei eskularruak, gomazko botak eta maskarak erabiltzea eskatu die Generalitateak
Halaber, haurrei, haurdun dauden emakumeei eta arnasketa arazoak edo sistema inmunitario ahula dutenei gomendatu die ez dezatela garbiketa lanetan parte hartu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Valentziako Gobernuak tentuz jokatzeko eskatu die garbiketa lanetan ari direnei, pertsona zaurgarriei bereziki, ur pilaketak eta kutsatutako materialak sor ditzaketen arriskuen aurrean.
Osasun Kontseilaritzak zabaldu du mezua, osasun arazoak saiheste aldera.
Ohar horretan, haurrei, emakume haurdunei eta arnasketa arazoak edo sistema inmunitario ahula dutenei gomendatu die ez dezatela garbiketa lanetan parte hartu.
Bai ala bai horretan aritu behar direnei, bestalde, galdegin die gasa eta argindarra ken dezatela, eta jantzi egokiak erabil ditzatela: eskularruak, gomazko botak eta maskarak, besteak beste. Gainera, garbitzen ari diren tokiak aireztatzea eskatu die.
Elikagaiekin lotutako mezua ere zabaldu du Generalitateak, eta ohartarazi inork ez dezala uholdeetako ura ukitu duen elikagairik jan, urik sartzen ez den ontzietan (ongi desinfektatu ostean) bildutako jakiak salbu.