Gizartea -
Goialdeko borraska
A-3 eta A-7 autobiak itxita daude Valentzian, eta ehun errepidek kalteak dituzte
Autoa ez hartzea eta Castellora eta Valentziara ez bidaiatzea aholkatu du Trafiko Zuzendaritzak, euriteak iragarri baitituzte, eta sarbide asko itxita baitaude.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ehun bat errepidetan —gehienak bigarren mailakoak— zirkulatzeko arazoak daude oraindik Espainia ekialdea —bereziki Valentzia, Andaluzia eta Gaztela-Mantxa astintzen ari den goi-geruzetako depresio isolatuak eragindako ondorioengatik. Gainera, A-3 eta A-7 autobiak itxita daude. Gauzak horrela, errepide horietatik ez ibiltzea gomendatu du Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak.
Gaur, azaroaren 1a, autoa ez hartzea eta Castellora eta Valentziara ez bidaiatzea aholkatu du Trafiko Zuzendaritzak, euriteak iragarri baitituzte, eta sarbide asko itxita baitaude.
Valentzian, Castellon, Cadizen eta Tarragonan dute egoera okerrena. Horregatik, AEMET agentziaren abisuei arreta jarri, eta errepideko joan-etorriak saihesteko deia egin du Trafiko Zuzendaritzak.
Esan bezala, Valentzian itxita dago oraindik A-3 autobia San Josep auzoaren parean, baita A-7a Masia del Juezen, eta AP-7a Cascarraleten ere.
Cuencan A-3a itxi dute, Atalaya de Cañavaten, Valentziarako noranzkoan, eta A-2an (Carbajosan, Guadalajara) arazoak daude.
Estatuko errepideetako 80 kilometro daude kaltetuta
Espainiako Garraio ministro Oscar Puentek esan du Valentzian soilik 80 kilometro daudela kaltetuta, eta nabarmendu du 25 milioi euro bideratu dituztela 24 orduan kalte larrienak jasan dituzten errepideak (A-7, N-330 eta N-322) konpontzeko.