Gizartea -
GOIALDEKO BORRASKA
Espainia astintzen ari den goialdeko borraskak jarraipena izango du Santu Guztien zubian ere
Espainiako Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, goialdeko borraskak eguraldi makurra eragingo du ostiral honetan, batez ere, Huelvako probintzian, eta alerta maila gorena (gorria) ezarri du bertan. Halaber, Castello, Tarragona, Mallorca eta Menorcan alerta laranja aktibatu du.
Agentziak | EITB Media
AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak azken orduetan ohartarazi duenez, "larrialdi meteorologikoa ez da amaitu", eta Espainiako ekialdea astintzen ari den eguraldi makurrak jarraipena izango du asteburuan ere.
Goialdeko borraskak (Goi-geruzetako depresio isolatu edo GOIDI ere deitua) eragina izaten jarraituko du Santu Guztien zubiak irauten duen bitartean Katalunia hegoaldean eta Valentziako Erkidegoaren iparraldean. Bi toki horietan litekeena da metro koadroko 100 litro pilatzea, eta, ondorioz, uholdeak izatea. Hori dela eta, urak har ditzakeen toki horietatik alde egitea gomendatu du Ruben del Campo AEMETeko bozeramaileak.
Hala ere, gaurko egunari begira Huelva probintzian espero da egoerarik zailena. Euri zaparrada oso indartsuak espero dira eta litekeena da metro koadroko 40 litro baino gehiago pilatzea. Horregatik, alerta maila gorena (gorria) ezarri du AEMETek probintzia horretan. Halaber, Andaluzia mendebaldean eta Extremadura hegoaldean ere euri zaparrada handiak bota ditzake.
Era berean, Balear uharteetan 50 l/m2-tik gora batu daitezke ordubetean eta 120l/m2 ordu gutxi batzuetan, AEMETen arabera. Valentziako Erkidegoan egin bezala, AEMETek arreta eskatu du uholdeak izan daitezkeelako.
Larunbatean zaparrada indartsuak izan daitezke, bereziki, Katalunia hegoaldean, Valentziako erkidegoan eta Balearretan.
Igandeari eta astelehenari begira, goialdeko borraska indarra galtzen eta desagertzen joango da. Hala ere, oraindik ere euria gogotik egingo du Valentziako Erkidegoan, Katalunian edo Balearretan. Astelehenean ere zaparrada indartsuak espero dira Katalunian, Valentziako Erkidegoan eta Aragoi hegoaldean.
Asteartean eguraldiak egonkortzera egingo duela iragarri du AEMETek, hala ere, ez du baztertzen euria egitea Mediterraneo inguruan.