Gizartea -
GOIALDEKO BORRASKA
Sanchezek hitzeman du Valentziara "lurreko, itsasoko eta aireko" laguntza eramaten jarraituko duela
Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du, gainera, hondamendi eremu izendatuko dituztela Valentziako Erkidegoa eta kaltetutako gainerako lurraldeak, eta dei egin die Valentziako eta Castelloko bizilagunei agintarien gomendioak jarraitzeko eta, ahal bada, etxetik ez irteteko.
EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Exekutiboaren eta Valentziako Erkidegoaren arteko lankidetza bermatu du ostegun honetan, eta "lurrez, itsasoz eta airez", goialdeko borraskaren ondorioei aurre egiteko laguntza ematen jarraituko dutela hitzeman du. Era berean, Valentziako eta Castelloko herritarrei dei egin die agintarien gomendioak jarraitu dizaten, eta, ahal bada, etxean gera daitezen.
Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du, gainera, hondamendi eremu izendatuko dituztela Valentziako Erkidegoa eta kaltetutako gainerako lurraldeak.
Sanchezek Carlos Mazon Generalitateko presidentearekin batera egin ditu adierazpenok, Koordinazio Operatiborako Zentro Integratura egindako bisitan. Zentro horretan koordinatzen ari dira goialdeko borraskak kaltetutako zonaldeetako larrialdi-lanak.
Espainiako presidenteak azpimarratu du Exekutiboak ahalik eta baliabide gehien ematen jarraituko duela, eta Valentziako Erkidegoarekin "erabateko lankidetza" izateko konpromisoa berretsi du, herritarrei lasaitasuna eta segurtasuna emate aldera.
Era berean Sanchezek gogorarazi du euri denboraldea oraindik ez dela amaitu, eta, hala, Castello eta Valentzia inguruan bizi diren herritarrei eskatu die etxetik atera ez daitezen.