Gizartea -
Gaixotasunak
Mingain urdin kasu bat atzeman dute Oiartzungo artalde batean
2022tik ez da gaixotasun horren kasurik izan Euskadin, atzora arte, orduan baieztatu baita, Oiartzunen, hain justu, lehen kasua. Horren aurrean neurri zehatzak hartuko dituzte, esaterako, 3 hilabete baino gehiagoko EAEko eta Nafarroako ardi eta behi guztiek txertoa har dezaten.
EITB MEDIA
ENBA nekazaritza eta abeltzaintza erakundeak ostegun honetan jakinarazi duenez, joan den astean Oiartzungo (Gipuzkoa) ardi ustiategi batean atzemandako mingain urdin kasua positiboa dela baieztatu egin da. Gaixotasun biriko ez kutsakorra da, batez ere ardiei eragiten diena eta Culicoides espezieko eltxoek transmititzen dutena.
Kasua ezagutu ondotik, borondatezko txertaketari ekin zitzaion joan den astean, baina, orain, kasua baieztatu eta gero, gaixotasun horren harira ezarritako protokoloa jarriko da martxan, eta, hala, 3 hilabete baino gehiagoko EAEko eta Nafarroako ardi eta behi guztiek txertoa hartu behar izango dute, derrigorrean.
Hiru aldundiek bilera egin dute ostegun goizean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oharra kaleratu mingain urdinaren gaixotasuna kontrolatzeko neurri sorta bat indarrean sartuko dela jakinarazteko.
Gaixotasuna kontrolatzeko neurriak
Horrela, behi- eta ardi-abeltegietako animaliek nahitaez hartu beharko dute txertoa, zehazki, espezie horietako hiru hilabetetik gorakoek. Aldundiak zehaztu du berehala ekingo diola txertaketa kanpainari, eta txertoa eskuratzeko eta aplikatzeko gastuak bere gain hartuko dituela.
Aurreikuspenen arabera, 105.000 ardi buru eta 41.300 behi inguru txertatuko dira. Gainera, neurriek hainbat muga ezartzen dituzte Gipuzkoan jatorria duten animalien mugimenduan, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, bai EAEtik kanporako mugimenduetan. Abere-azokak, txapelketak eta animalien inguruko bestelako topaguneak antolatzeko baldintzak ere zehazten dira.
Mingain urdina gaixotasun birikoa da, Culicoides generoko eltxoen bidez transmititzen dena eta espezie askotako hausnarkariei (behiak, ardiak eta ahuntzak) eragiten die. Gizakiok ezin dugu gaitza hartu. Eltxoak animalia batetik bestera pasatzen du gaixotasuna, eta haren egoeraren arabera, ondorioak desberdinak izango dira. Sukarra eragiten du, oro har, eta une horretan animalia ahul badago, oso kaltegarria izan daiteke. Ardiei eragiten die, batik bat.
2022tik ez da gaixotasun horren kasurik izan Euskadin, atzora arte. Orduantxe baieztatu baitzen, Oiartzunen, hain justu, lehen kasua eta, hortaz, lehen fokua.
Euskal Herriko abeltzainek ezagun dute gaixotasuna, 20 urte baino gehiago baitaramatza penintsulan, baina kezkagarria da, hilkortasun-indizea handia baita ardien kasuan, behin birusa artaldean sartuta, eta galera ekonomiko handiak eragin ditzake.