Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Tolosako kirol elkarte batek entrenatzaile bat apartatu du, hainbat sexu-jazarpen kasurekin lotura duelakoan
"Kirol jardueratik kanpoko eremuetan gertatu dira jazarpenak, oro har, klubeko nahiz klubaz kanpoko emakumeekin", Tolosako Udalak zehaztu duenez.
EITB
Tolosa C.F. kirol elkarteko entrenatzaile bat apartatu du klubeko zuzendaritzak, hainbat sexu-jazarpen kasurekin zerikusia izan dezakeelakoan. Hala baieztatu dute Tolosako Udalak eta kirol elkarteak berak, gaur kaleratu dituzten ohar banatan.
Udalak jakinarazi duenez, "kirol jardueratik kanpoko eremuetan gertatu dira jazarpenak, oro har, klubeko nahiz klubaz kanpoko emakumeekin". Udalbatzak aho batez gaitzetsi ditu erasoak. "Gisa horretako jarrerak onartezinak dira gizarteko esparru guztietan. Bereziki, botere-harremanak egon daitezkeen kasuetan. Kirol heziketan jarduten duen orok kode etiko bat bete behar du, baita kirol eremutik kanpo ere. Are gehiago adin txikikoen heziketaz ari garenean", jaso dute, zabaldutako testuan.
Goiuri Ezeiza Berdintasun zinegotziak herritarrei jakinarazi die laguntza juridikoa zein psikologikoa eskura dituztela Udalean eta Andragora Emakumeen Etxean.
Bide beretik, Tolosa C.F. taldeak ere gogor gaitzetsi ditu gertakariak, eta bere zerbitzu juridikoak kaltetutako pertsonen esku jarri ditu. "Pertsonen duintasuna eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzten jokabide guztiak arbuiatzen ditugu, pertsona horiek klubarekin lotura izan ala klubarekin zerikusirik ez izan".
Oraingoz, kasuekin lotutako salaketa formalik ez da jarri Ertzaintzan.
Hurrengo egunotan, Tolosako Udalak herriko kirol klubetako zuzendaritzak deituko ditu bilera batera, "halako kasurik suertatuko balitz, nola jokatu jakiteko jarraibide batzuk izan ditzaten". Era berean, kasu horietarako "protokolo sakonago baten lanketa abiatuko du".
Azkenik, Udalak argi utzi nahi izan du gertakariok ez dutela zerikusirik joan den astean Usabal kiroldegian izandako erasoarekin.