Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Osakidetzaren diagnostikoaren inguruan egindako txostena babestuko du EH Bilduk Osasun Itunaren Mahaian
Koalizio subiranistaren arabera, "jauzi kualitatiboa" egin da duela hiruzpalau aste Osasun Itunaren aldeko Mahaian aurkeztu zen dokumentutik azkenekora.
O. A. | EITB Media
Osasun arloko ituna erdiesteko asmoz hirugarren bilera egingo dute gaur Gasteizen, eta aurreikusita dauden lau faseetako lehena (diagnostikoarena) gaurko saioan amaitutzat emango delakoan dago Eusko Jaurlaritza. Testuinguru horretan, EH Bilduk gaur goizean iragarri du babesa emango diola Osakidetzaren diagnostikoaren inguruan mahai gainean jarri den dokumentuari.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan Nerea Kortajarena EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak aurreratu duenez, Osasun Itunaren aldeko Mahaian aterako den diagnosiari baiezkoa emango diote: "Dokumentu hori balekotzat jotzen dugu, minimoetako akordio bezala". Horren esanetan, "jauzi kualitatiboa" egin da duela 3-4 aste aurkeztu zen dokumentutik azkenekora, eta "hein handi batean" koalizio subiranistak egindako ekarpenak jaso dira; besteak beste, pertsona politikari, publiko-pribatuaren arteko erlazioari eta Lehen Arretari buruzkoak.
Denboran atzerago egin eta gogora ekarri du duela sei hilabete Eusko Jaurlaritzak ez zuela onartzen Osakidetzan eta euskal sistema publikoan arazorik zegoela. Are gehiago, Kortajarenaren hitzetan, orduan esaten zen EH Bilduk gobernua "higatzeko" operazio bat gidatzen ari zela. Aurreko guztia kontuan hartuta, Kortajarenak uste du diagnosiari buruzko dokumentua "oinarri minimoa" dela aurrera egiteko, nahiz eta ez izan "% 100ean" EH Bilduren diagnostikoa.