Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Uholdeak Valentzian eta Albaceten, Osasun Itunaren bilera eta Nafarroako aurrekontuak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urriaren 30ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Uholdeak Valentzian eta Albaceten: Hainbat pertsona hil dira Valentzian eta zazpi desagertuta daude Albaceten, goi-geruzetako depresio isolatu baten ondorioz. Bart Valentziako Gobernuko presidenteak baieztatu du hildakoak daudela, baina ez du kopurua zehaztu nahi izan, ezta gorpuak non topatu dituzten ere. Halaber, gutxienez zazpi pertsona desagertuta daude: bat Valentzian eta sei Letur udalerrian (Albacete). Aemeten arabera, mende honetako denboralerik okerrena da, 1987 eta 1982 urteetan izandako uholdeen parekoa gutxienez.
- Osasun Itunaren aldeko bilera: Osasun Mahaiak hirugarren bilera egin du Osasun Itunaren bila, Alberto Martinez Osasun sailburua buru dela. Gasteizko gaurko hitzorduan, diagnostikoaren faseari amaiera ematea eta prozesuaren bigarren faseari (printzipioen fasea) ekitea espero du.
- Nafarroako aurrekontuak: Nafarroako hiruko gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Nafarroa Zurekin) eta EH Bilduk aurrekontuen inguruko akordioa sinatu eta biharamunean, Nafarroako Gobernuak gaurko gobernu kontseiluan onartuko du 2025eko aurrekontu proiektua. Ondoren, testua Nafarroako Parlamentura igorriko dute tramitazioari ekiteko.