Gizartea -
Saretzen
Saldutako etxebizitzen % 5 izan da babes ofizialekoa 2023an
Eraikitzen diren babestutako etxebizitzen zati handi bat alokairu sozialera bideratu izan da azken urteetan eta, beraz, BOEn salmenta jaitsi egin da. Sustapen pribatua publikoa baino egonkorragoa izaten ari da, nahiz eta hori ere erdira jaitsi den.
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
Azken urteotan merkatura atera izan diren babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) zati handi bat alokairuan irteten da eta BOEen salerosketa asko jaitsi da. 2023an erosi eta saldu ziren etxebizitzen % 5 soilik zen babes ofizialekoa.
Lehendabizi higiezinen krisia etorri zen, ondoren promozio falta eta azkenik alokairua bultzada eman dion Etxebizitzaren Legea.
2007an hamar operaziotik batean etxebizitza babestuak salerosten ziren: % 36,3 Araban, % 11,1 Bizkaian, % 8,9 Gipuzkoan eta % 11,4 Nafarroan. Iaz, ordea, ehuneko horiek nabarmen baxuagoak izan ziren: % 6,4 Araban; % 3,2 Bizkaian; % 4,3 Gipuzkoan eta % 4,8 Nafarroan.
Urte hauetan sustapen pribatuak (promozio pribatuko BOEak) egonkorrago mantendu dira sustapen publikoak (erakunde publikoen promozioak) baino.
Sustapen publikoek galera handiak izan dituzte 2017tik. Hainbat urtetan (2017 eta 2020 kasu) ez zen promozio publiko bakar bat ere amaitu. Sustapen pribatuek ere beherakada izan dute, eta erdira jaitsi dira azken 10 urteetan.
Lurraldez lurralde begiratuta ere sustapen pribatuak egonkorrago mantendu dira.
Araban, adibidez, nabarmentzekoa da ez zela sustapen publikorik egin 2015 eta 2020 artean, ezta 2024an ere.
Gipuzkoan kontrakoa pasa da. 2018tik hazi egin da sustapen publikoa eta datu altuak izan ditu 2023an eta 2024an: hurrenez hurren, % 61,54 eta % 68,22 publikoak izan dira.
Azkenik, Bizkaian indartsuago dago promozio pribatua. Urte batzuetan beherakada txikiak izan baditu ere, 2024an % 100era iritsi da.