Gizartea -
EPAIA
Gipuzkoak helegitea jarriko dio Kabiaren euskara eskakizunari buruzko epaiari
Foru Aldundiaren bozeramaileak "lan deialdien aurkako epaiak bata bestearen atzetik" egin izana kritikatu du, euskarazko hizkuntza eskakizunengatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Kabia foru erakundearen epaiaren aurka. Epai horrek bertan behera utzi du egoitzetako 54 zaintzaile plazen deialdia, euskarazko hizkuntza eskakizunak direla eta.
Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak lan-eskaintza hori baliogabetu zuen, euskara jakiteko bete beharreko baldintzek enplegu publikoa lortzeko oinarrizko eskubidea urratzen zutela iritzita.
Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak euskarazko hizkuntza eskakizunak direla eta "lan deialdien aurkako epaiak bata bestearen atzetik" egin izana kritikatu du, eta Aldundiak Kabiari buruzko azken ebazpen judizialaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du.