Gizartea -

HARRERA ETA INTEGRAZIOA

Euskadin migratzaileei harrera egiteko politikak diseinatzeko eskuliburu aitzindaria aurkeztu dute

Eusko Jaurlaritzak, EUDELek eta 19 udal eta mankomunitatek parte hartu dute 'Harrera ehundu' izeneko eskuliburua egiteko prozesuan, eta besteak beste, harrera protokoloak eta harrera zerbitzuak (Harreragune) sortzeko tokiko erakundeek jarraitu beharreko pausoak jasotzen ditu.

Tokiko harrera politika bat diseinatzeko urratsak. Irudia: EITB Media
Tokiko harrera politika bat diseinatzeko urratsak
Tokiko harrera politika bat diseinatzeko urratsak. Irudia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza, EUDEL (Euskadiko Udalen Elkartea) eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 19 udal eta mankomunitatek eskuliburu aitzindari bat osatu dute —lehena, Espainiako Estatuan— Euskal Autonomia Erkidegoan migratzaileei harrera emateko tokiko politikak diseinatzen laguntzeko asmoz.

Harrera ehundu izeneko eskuliburua gaur goizean aurkeztu dute Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Esther Apraiz EUDELen presidenteak EAEko toki erakundeen aurrean.

Eskuliburu praktiko bat da, udalek harrera politikak modu autonomoan eta esparru komun batean diseina ditzaten. Hurrengo urteei begira, harrera eta integrazio udal politikak diseinatzerako garaian funtsezko tresna bihurtu nahi dute. 

Aipaturiko dokumentuak migratutako pertsonen integrazioa "bi norabideeetan" egin beharreko prozesua dela nabarmentzen du, hau da, "migratzaileen eta bizi diren gizarteen arteko egokitzapena eskatzen du", eta erantzukizuna gobernu hartzailearen, erakundeen eta komunitatearen gainean jartzen du.

Halaber, eskuliburuan jasotzen denez, integrazio prozesua arrakastatsua izan dadin eta jendartearen ongizatea bermatzeko, gizarte eragileen, erakunde publikoen eta komunitatearen koordinazioa ezinbestekoa da. Harrera prozesu horrek dakar tramiteekin eta zerbitzu eta sistema batzuetarako sarbideekin laguntzea (errolda, osasuna, gizarte zerbitzuak, hizkuntzak ikastea, hezkuntza, lana), eskubide osoko hiritar bihurtzeko.

Tokiko harrera politika bat diseinatzeko zazpi urratsak

Tokiko harrera politika bat diseinatzerako garaian zazpi urrats proposatzen dira. Hala ere, tokiko erakunde bakoitzak bere errealitatera egokitu beharko du prozesu hori. Helburua da zazpi pauso horiei jarraituta, edozein tokiko erakundek bere kabuz harrera politika oso bat diseinatu eta abian jartzea.

1. urratsa: Bultzada partekatua

Maila lokalean borondateak adostea sustatzea, politikariak, teknikariak, gizarte eragileak eta herritarrak barne hartuta, harrera politika sustatzeko edo hobetzeko.

2. urratsa: Beharren diagnostikoa

Tokiko harrera beharrak behar bezala identifikatzea, eta, ondoren, harrera politikarekin aktibatuko diren baliabideei neurria behar bezala hartzea.

3. urratsa: Baliabideen gida

Erakunde, gizarte eta administrazio inguruneari buruzko informazio guztia biltzea eta antolatzea, eta, ondoren, harrera politikako gainerako prestazioak antolatzea.

4. urratsa: Harrera protokoloa

Harrera prozesuan parte hartuko duten eragile instituzional eta komunitario guztien esku-hartzea ordenatzea.

5. urratsa: Harrera zerbitzua

Erakunde publikoek emango duten oinarrizko prestazioa ezartzea, eta hori gauzatzeko behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak definitzea.

6. urratsa: Udalen eta erakundeen arteko koordinazioa

Harreman sistema sortzea tokiko erakundearen barruan eta beste instituzio eta gizarte talde batzuekin, harrera politika aurrera eramateko.

7. urratsa: Etengabeko ebaluazioa

Planifikatutakoa gauzatzea, aurreikusitako emaitzen lorpena eta harrera-politikara bideratutako baliabideen eta emaitzen arteko etengabeko oreka monitorizatzea.

Harrera zerbitzu edo harreraguneen garrantzia

Harrera zerbitzu edo harreraguneak harrera politiketan euskal erakundeek eman nahi duten jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa gauzatzeko giltzarri dira, Harrera ehundu dokumentuaren arabera. Zerbitzu horietan udalerrira bizitzera joandako migratzaileei informazioa, orientazioa eta akonpainamendua egitea da helburua.

Hala ere, abian jartzeko Udaleko sailen arteko elkarlana ez ezik (Errolda, Gizarte Zerbitzuak, Osasuna, Biltzen, Lanbide, SAPIT, etab.), erakundeen eta gizarte entitateen koordinazioa ezinbestekoak dira.

Aurrez aurreko elkarrizketetatik abiatuta, harrerra behar duten pertsonen beharrak identifikatzea da helburua. Bide horretan, errolda zerbitzuaren eta harreragunearen arteko loturaren garrantzia azpimarratzen da, funtsezkoa baita udalerrira iristen den pertsonari hasiera-hasieratik arreta zuzena emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal hiriburuak Migrazioa Europa Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea EUDEL albisteak