Gizartea -
sutea
Sute batek kalteak eragin ditu Donamartiriko Arberoa Ikastolako eraikinetako batean, Nafarroa Beherean
Suak Haur Hezkuntzako eraikineko zati bat kiskali du, gaur-gaurkoz 20 haurrek ikasten duten eraikinean, hain justu. Goizean iraskaleak eta gurasoak bildu dira egoeraren aurrean irtenbide bat aurkitzeko eta ikastolan gaur egin beharrekoak antolatzeko.
EITB MEDIA
Sutea piztu da bart Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa Ikastolan, eta Haur Hezkuntzako eraikineko zati bat kiskali egin da. 20 haurrek ikasten dute gaur egun eraikin horretan, eta gurasoak eta irakasleak bilduta daude irtenbide bat aurkitu nahian.
Bizilagunak izan dira suteaz ohartarazi dutenak, argindarrik gabe zeudela eta ikastolari kea zeriola konturatu ondotik. Hala, berehala gerturatu dira suhiltzaileak, eta bi ordu inguru behar izan dituzte sua itzaltzeko.
Ezbeharrean ez da inor zauritu, baina kalte materialak handiak izan dira; izan ere, ikasle txikienak egoten diren eraikina, 2008an Arberoa ikastola sortu zenean egin zen lehena, erabat erre da.
Gainerako eraikinak, ikasle nagusiagoak biltzen dituztenak, ez dira kaltetu, ezta jantokia ere. Gurasoak eta irakasleak batzartuta daude, argindarra berrezarri, aseguruekin hitz egin eta gaur ikastolan egin beharrekoak antolatzeko.
Donarmatiri, Isturitze, Aiherra eta Donaixtiko haurrak joaten dira Nafarroa Beherako Donamartiriko ikastolara.