Gizartea -

Kantabria

Hiru pertsona hil dira Santanderren, gas leherketa baten ondorioz eraikin bat behera etorrita

Eraikin horretako eta aldameneko zortzi bizilagun ospitaleratu behar izan dituzte.

Santanderren behera etorritako eraikina. Argazkia: EITB
Santanderren behera etorritako eraikina. Argazkia: EITB
Hiru pertsona hil eta hamar zauritu dira Santanderren gas leherketa baten ondorioz eraikin bat behera etorrita

0:32

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santanderko La Albericia kaleko eraikin bat behera etorri da gaur goizaldean izan den gas-leherketa baten ondorioz, eta hiru pertsona hil dira.

EFE albiste agentziak Kantabriako Gobernuko eta Santanderko Udaleko iturriak aipatuta jakinarazi duenez, goizaldeko laurak aldera izan da ezbeharra kale horretako 24. atarian, eta inguruko eraikinetako bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte.

Goizean goiz, eraikinaren hondakinen artean harrapatuta geratu den pertsona baten hilotza atera dute, eta gero aurkitu dituzte beste bien gorpuak.

Gainera, behera etorritako eraikineko eta aldameneko zortzi bizilagun Valdecilla ospitalera eraman dituzte.

Zazpi pertsonak ospitalean jarraitzen dute, gehienak kea arnastu dutelako, eta erredurak zituen bat Gurutzetako ospitalera eraman dute, Barakaldora.

Ramon Herreria Valdecilla ospitaleko zuzendari medikoaren jakinarazi duenez, ospitaleratuak, tartean bi adingabe, "egonkor" daude, eta ez daude larri.

Guztira 10 pertsona eraman dituzte ospitalera, baina bik sendagiria jaso dute jada eta bestea, esan bezala, Gurutzetara eraman dute.

Azken horrek erreta du gorputzaren % 37, eta Bizkaiko ospitale horretako Erredura Handien Unitatean sartu dute.

Valdecillan dauden zazpi lagunetako bost ZIUn daude, eta bi adingabeak dira: buruan kolpea jaso duen 8 urteko neskato bat eta kea arnastu duen 14 urteko mutiko bat.

Segurtasun Indarretako agente bat ere ospitaleratu dute, kea arnastu baitu.

Zazpi lagunetako sei kamera hiperbarikoan sartu beharko dituzte.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kantabria