Gizartea -
Eguraldia
Eguraldi nahasia eta euritsu oro har, astebururako
Nafarroak abisu horia aktibatu du ekaitzak eta euriteak espero baitira. Ordubetean metro koadroko 25 litro euri pilatuko direla aurreikusi dute.
EITB MEDIA
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak larunbat eta igande honetarako iragarri duenez, lurraldea zeharkatuko duen fronte hotzak aktibo jarraituko du, eta, ondorioz, eguraldiak nahasia eta euritsua izaten jarraituko du.
Larunbatean, ezegonkortasunarekin jarraituko dugu. Eguraldia nahasia izango da, zaparradak botako ditu, sarriago eta ugariago ipar partean, batez ere ekialdean. Haizea aldakor ibiliko da; tarteka mendebaldekoa izango da, eta arratsaldean iparraldera egingo du. Tenperaturak antzekoak edo zertxobait baxuagoak izango dira.
Igandean, giro nahasiarekin jarraituko dugu. Zerua nahiko lainotuta agertuko da eta euria egingo du; noizbehinka gogotik egin dezake euria. Egunaren amaieran, aterruneak handituz joango dira. Iparraldeko haizea lagun, tenperaturan ez da gorabehera handirik espero, eta 20 ºC-tik behera geratuko da berriro.
Nafarroan, berriz, abisu horia aktibatu dute ekaitzak eta euriteak espero baitira. Ordubetean metro koadroko 25 litro euri pilatuko dira, aurreikuspenen arabera.