Gizartea -
Saretzen
Etxebizitzen prezioak nabarmen egin du gora azken hamarkadan, baina 2007ko mailara iritsi gabe
Merkatuan jarri diren etxebizitzen prezioek % 26 egin dute gora Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 42 Nafarroan, 2015etik. Hala ere, oraindik ez dira iritsi 2007ko mailara. Salerosketa kopuruak eta hipotekek ere ibilbide bera jarraitu dute urte hauetan guztietan.
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
2008an higiezinen burbuila lehertu zenean eta krisia hasi zenean, etxeak erosteari utzi zion jendeak. Gainera, ordura arte etxebizitzek izan zituzten prezioak eta kontratatutako hipotekak jasanezinak ziren familia askorentzat. Handik aurrera, prezioak merkatzen hasi ziren, harik eta 2015ean behea jo zuten arte.
Azken hamarkada honetan berriz ere goranzko bidean joan badira ere, oraindik ez dute 2007ko mailarik harrapatu: 2.957 €/m2 eta 1.927 €/m2 gelditu dira, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan, burbuila lehertu aurretik baino % 13 merkeagoak dira EAEn eta % 9 Nafarroan.
Alabaina, biek ala biek gainditzen dute Estatuko batez besteko prezioa, batik bat EAEk, % 63 altuagoa baita.
Eskualde batetik bestera, ordea, alde nabarmena dago prezioetan. Arabako Errioxa da gunerik merkeena, metro karratua 976 eurotan saltzen baita. Garestiena, ostera, Donostialdea da; hango prezioak ia boskoizten dira (4.419 € / m2).
EAEko hiru lurraldeetan hiriburuak dira prezio altuenak dituztenak. Gainerakoan, aipagarria da Aiaraldea eta Goierri direla batez besteko 2.000 eurotik jaisten diren eremu bakarrak.
Etxebizitzen salerosketen eta kontratatutako hipoteken kopuruak ere prezioen ibilbide berbera egin du azken 15 urteetan.
Salerosketei dagokienez, 2007an 35.000 etxe baino gehiago saldu eta erosi ziren. Beherantz hasi ondotik, gutxieneko maila 2015ean izan zen eta 15.000 etxe inguru salerosi ziren. Ondoren, merkatua suspertzen joan zen, zazpi urtez. 2023an, ordea, beherantz egin du pixka bat berriz ere.
Gipuzkoak izan du susperraldirik handiena eta 2007ko salerosketa zifrak gainditu zituen 2022an. Donostialdea, Urola-Kosta eta Bidasoa Beherea eskualdeetan susperraldia nabarmena izan da. Mugimendu motelenak izan dituzten eskualdeen artean, aldiz, Arabako Lautada, Durangaldea edota Erribera daude.
Hipotekak
Azken urteak euriborrari begira egin ditu herritar askok, aspaldiko altuenean ibili da eta. Hala ere, kontratatuko hipoteken kopuruak eta horien baitan eskatu den diru kopuruak gora egin du hamar urtetan.
2023an, eskatutako batez besteko zenbatekoak 159.252 eta 133.299 eurokoak izan dira, EAEn eta Nafarroan. Horrek nabarmen gainditzen du 2013ko batez besteko balioa, % 32,1 igo da EAEn eta % 22,4 Nafarroan.
Hipoteken kopurua ere igo egin da 2022 arte, baina prezioetan bezala, jaitsiera nabari da 2023an.
Etxebizitza motak
Sektoreko adituen arabera, azken urteetan ez da eraiki merkatuak eskatzen dituen adina etxebizitza. Horrela, EAEn bigarren eskuko etxeak salerosi dira, batik bat, dira 2023an (% 84,3). Salerosten diren lehen eskuko eta bigarren eskuko etxebizitzen kopurua ere nabarmen aldatu da azken urteetan.
Aldaketa handiena Araban eta Nafarroan gertatu da urteotan, bigarren eskuko etxebizitzen salmenta 44 eta 34 puntu igo baita, hurrenez hurren.Horrelako etxebizitzen kuotarik txikiena Urola Kostan (% 56), Iruñerrian (% 60,3) eta Debagoienan (% 69,7) dago.