Gizartea -

Polizia operazioa

Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizko Koroatze auzoan egindako polizia-operazioan

Hainbat agente Bruno Villarreal eta Gurutze Zuriko kaleetan dauden okupatutako lonjetara sartu dira, eta, oraingoz, 7 pertsona identifikatu eta 2 atxilo eraman dituzte. Auzokideek asteak daramatzate protestak egiten, inguruan delinkuentziak gora egin duela eta.

Polizia-operazioa Gasteizeko Koroatze auzoan. Irudia: Gasteizko Udala
Polizia-operazioa Gasteizeko Koroatze auzoan. Irudia: Gasteizko Udala
Bi atxilotu Gasteizko Koroatze auzoan egindako polizia-operazioan

0:28

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak eta Polizia Nazionalak operazioa egin dute ostegun goiz honetan, elkarlanean, Gasteizko Koroatze auzoan. Hainbat agente Bruno Villarreal eta Gurutze Zuriko kaleetako lonja okupatuetara sartu dira, eta, 7 pertsona identifikatu dituzte eta 2 atxilo eraman, EITBk jakin ahal izan duenez.

EITB Mediak eskuartean duen informazioaren arabera, egoera irregularrean dauden pertsonak dira identifikatutakoak, eta, horregatik ari da Polizia Nazionala operazioan parte hartzen, atzerritartasunaren arloan eskunduntza baitu. Operazioa goizeko 09:00etan hasi da, orduan polizia-patruilak lonja baterako (Navarro Villoslada eta Bruno Villarreal kaleen artean dagoena) sarbideak blokeatu dituenean.

Lokal horretan hiru pertsona zeuden, eta guztiak identifikatu dituzte. Horietako batek ez zuen dokumentaziorik, eta, beraz, Betoñuko Polizia Nazionalaren komisariara eraman dute. Ondoren, Gurutze Zuriko kalean dagoen lonja batera joan dira agenteak eta lau pertsona identifikatu dituzte. Hor ere, batek ez du dokumentaziorik aurkeztu eta atxilo eraman dute.

Luzaroan dabiltza auzo horretako bizilagunak bizikidetza-arazoekin, eta astero egiten dituzte protestak, kezka adierazteko. Larrituta daude, azken boladan delinkuentziak gora egin duelako. Diotenez, beldurrez bizi dira, eta adineko pertsona askok, baita haurrek ere, lagunduta atera behar izaten dute etxetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak