Gizartea -

Donostia

Egia auzoan afari solidarioak debekatzeko "arrazoi bakarra" delinkuentziaren gorakada da, Udalaren esanetan

Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak esan du afariak ez direla arazo: "Gune horretan bi gauza nahasten dira: afaltzera doazenak eta segurtasun arazoak". Horren harira, zehaztu du "labanak eta matxeteak" konfiskatu dituztela gune horretan. EH Bilduk eta PPk arazoa konpontzeko eskatu dute.

Ibabe, agerraldian. EITB Media
Ibabe, agerraldian.
Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioen afariak debekatu ditu, ''segurtasun arrazoiengatik''

0:57

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Segurtasun arrazoiak besterik ez" daude Kaleko Afari Solidarioak taldeak Egia auzoan banatzen dituen afariak debekatzeko arrazoiaren atzean. Hala azaldu du Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak, gaur egindako prentsaurrekoan. 

Ibabek presazko agerraldia egin du Donostiako udaletxean, ekimeneko arduradunei atzo ahoz jakinarazi zien erabakia "modu ofizialean" publiko egiteko. "Hori da arrazoi bakarra, segurtasun eza eta delinkuentziaren gorakada", azpimarratu du behin eta berriz, arazoa afariak ez direla zehaztuta. Argudiatu duenez, Egia auzoan bakarrik debekatu dute ekimena (Amaran eta Parte Zaharrean ere banatzen dira). Dioenez, Donostiako auzo horretan "bi gauza nahasten dira: afaltzera doazenak eta segurtasun arazoak". Azken horren adibide esan du joan den astean "labanak, artaziak eta matxeteak" konfiskatu zituztela; "horrek ez du zerikusirik afaltzearekin", erantsi du. 

Azaldu duenez, Udalak eta Hiri Segurtasun saila "luzaroan" dabiltza auzoa zaintzen, eta "azken boladan" —bizpahiru urte aipatu ditu— "segurtasun ezak gora" egin duela atzeman dute. "Herritarrak, logikoa denez, kexatu egiten dira", adierazi du. "Kexa hori partekatua da, eta denboran mantendu da", argitu du. Hori dela eta, orain hartu dute afariak debekatzeko erabakia, betiere "segurtasuna bermatzeko". 

Datuak ere eman ditu zinegotziak, "segurtasun eza" horren erakusle: "2022an, delituek % 29 egin zuten gora; 2023an, % 16. Aurten, 600 esku-hartze egin ditugu dagoeneko". Horren aurrean "polizia uneoro" han dagoela zehaztu du eta azkenaldian agenteen presentzia "areagotu" dutela esan. 

Azkenik, gogora ekarri du kalean janaria banatzeko edo beste edozein jarduera egiteko Udalak aurretiaz baimena eman behar duela. 

Donostiako Udaltzaingoak Kaleko Afari Solidarioak taldeko boluntarioei debekua jakinarazi dien unea
Donostiako Udaltzaingoak Kaleko Afari Solidarioak taldeko boluntarioei debekua jakinarazi dien unea
Donostiako Udaltzaingoak Kaleko Afari Solidarioak taldeko boluntarioei debekua jakinarazi dien unea

0:40

EH Bilduk uste du ezin direla nahastu janaria banatzea eta delinkuentzia

Juan Karlos Izagirre EH Bilduk Donostiako Udalean duen bozeramaileak salatu duenez, "instituzioek egiten ez duten lana" egiteagatik donostiar talde batek egiten duena "debekatzea ez da justua eta inhumanoa ere bada. Are gehiago, alternatibarik eskaintzen ez denean". Horren harira, esan du EH Bildu "konponbide bila" dagoela. 

Koalizio abertzalearen buruzagiaren aburuz, "ez da egokia, eta gainera faltsua da" janaria banatzea eta delikuentzia nahastea. Izan ere, argudiatu duenez, "delinkuentzia edozein tokitan dago: luxuzko jatetxe batean jaten dutenen artean eta etxean bazkaltzen dutenen artean". Hala, "ongi" deritzo delinkuentzia jazartzeari, baina ez "lana musutruk egiten duten herritarren eta gosea pairatzen duten pertsonen" kontra egitea. "Segurtasuna ere bada janaria behar duenari janaria ematea", argudiatu du. 

Izagirrek uste du Donostian "erresiduala" izan den eskuin eta eskuin muturraren "diskurtso arrazista eta xenofoboa hauspotu" dela, eta aldarrikatu du "denon ardura" dela hori geldiaraztea. 

Afariak "eremu kontrolatuetan" banatu beharko lirateke, PPren arabera

Borja Corominas Alderdi Popularrak Donostiako Udalean duen bozeramaileak ere hitz egin du gaiaz. Horren esanetan, afariak "eremu kontrolatuetan" banatu beharko lirateke, gizarte zerbitzuen eta Udaltzaingoaren "zaintzapean". Hala, Udalaren esku egon beharko litzatekeela adierazi du, eta argitu aspaldi eskatu zutela "kaleko afariak" debekatzea.  

Corominasek azpimarratu duenez, delinkuentziak "urteak daramatza gora egiten eta udal gobernuak ez du hori konpontzeko neurririk hartu". 

Afariak Egian bakarrik debekatu izanak "arazoa beste auzo batera eramango" duela uste du Corominasek. 

Azkenik, asteleheneko elkarretaratzean parte hartu zutela eta, esan du "aztoratzaile profesional batzuek mehatxuak eta irainak" egin zizkietela, eta ezker abertzalearekin lotu ditu. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak