Gizartea -
SALAKETA
Abogados Cristianos fundazio ultraeskuindarrak Udalatxeko gurutzea kendu izana salatu du Bergarako epaitegian
Jarritako salaketan, egileak identifikatzea eskatu dute, "ondare historikoaren kontrako delitua" egon daitekeelakoan, "arrazoi erlijiosoengatiko diskriminazioaren astungarriarekin". Urriaren 12an desagertu zen gurutzea.
EITB MEDIA
Abogados Cristianos fundazioak Udalatxeko gurutzea kendu izana salatu du Bergarako epaitegian. Duela 13 egunetik falta da gurutzea Arrasate eta Elorrio artean dagoen mendian.
Polonia Castellanos elkarte ultraeskuindar eta ultrakatolikoko presidenteak esan du "kristauen kontra sustatu den gorrotoaren ondorio" direla "ikur erlijiosoen kontrako erasoak". Halako ekintzak "zigorrik gabe ezin" direla utzi erantsi du.
"Espainiako Gobernua eta haren ezker muturreko bazkideak kristautasunaren kontrako giroa sustatzen" ari direla ere esan du. Hori dela eta, jarritako salaketan, egileak identifikatzea eskatu du elkarteak, "ondare historikoaren kontrako delitua" egon daitekeelakoan, "arrazoi erlijiosoengatiko diskriminazioaren astungarriarekin".
1971an jarri zuten Udalatx mendian hamar metroko altuera eta 250 kiloko pisua zuen gurutzea, hildako mendizaleen omenez. Urriaren 12an desagertu zen. Moztu egin zuten, eta oinarriaren gainean zerra txiki bat utzi zuten, ikur erlijiosoaren kontrako olerki batekin.
Egun horretan bertan, Arrasateko Udalak jakinarazi zuen gertatutakoa ikertuko dutela, eta hurrengo asteetan, mendizaleen elkarte eta eragileekin elkartuko direla, "gaia sakontasun gehiagorekin aztertzeko, eta hartu beharreko erabakiak elkarlanean hartzeko".