Gizartea -

SARETZEN

10 familiatik 8 jabetzan duten etxebizitza batean bizi dira

Alokairuak azken urteetan gora egin du, batik bat hiriburuak hartzen dituzten eskualdeetan. Prezioak ere nabarmen egin du gora, 2013 eta 2015 urte bitartean aspaldiko punturik baxuenean egon ondoren, baina oraindik 2007ko zenbakietara iritsi gabe.

Argazkia: EITB MEDIA
Argazkia: EITB MEDIA
Argazkia: EITB MEDIA

A. ARAMENDI ELDUAIEN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hamar familiatik zortzi jabetzan dauzkaten etxebizitzetan bizi ziren 2023an; % 81,2 eta %82,6, hurrenez hurren. Datua Estatuko batez bestekoaren gainetik dago, han % 75,1ekoa izanik.

Hala ere, azken hamarkadan (2013-2023) alokairuan bizi diren familien ehunekoak gora egin du lurralde guztietan, batik bat Gipuzkoan (% 2,9 hazi da). Aldaketaren arrazoia izan daiteke migratutakoen familia kopuruak gora egin duela; % 11 izatetik % 15 izatera pasa dira. Familia horiek, hein handi batean, alokairuan bizi dira.

Lurraldeei banan-banan begiratuta, Nafarroak du portzentajerik handiena alokairuari dagokionean, % 13,7koa. Gipuzkoan eta Bizkaian % 11ren bueltan dabiltza eta Araban % 10 inguruan.

Udalerriei banaka erreparatuta, orokorrean, hiriburuetan eta horien eskualdeetan altuagoa da alokairuan bizi diren familien kopurua, herri txikietan eta nekazal guneetan baino.

Donostialdea da alokairuaren ehuneko altuena duen hiriburua (% 20), Iruñeak oso gertutik jarraitzen dio (% 19,6), Bilbo dago hirugarren postuan (% 16,1) eta, azkenik, Gasteizen % 16koa da datua.

Azken urteetan asko igo da alokairuen prezioa, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) baino gehiago. EAEn, 2016 eta 2023 bitartean, % 23koa izan da alokairuen igoera, KPIarena, aldiz, % 19koa.

2023an, Nafarroak zuen batez besteko alokairurik merkeena (558 euro/hilean) eta Gipuzkoak, aldiz, garestiena (808 €/h). Tartean zeuden Araba (716 €/h) eta Bizkaia (768 €/h).

Nafarroan, Iruñerria kenduta, gainerako eskualdeetan 500 €/h-tik behera daude alokairuak. Merkeenak Erriberako herrietan topatuko ditugu; Allon, Fiteron, Cortesen eta Los Arcosen 300 €-ren bueltan dabiltza. Aldiz, Iruñerrian, Oltza Zendean eta Zizurren daude prezio altuenak; 700 €-tik gora.

EAEn eskualde gehienetan 700 €/h-tik behera ordaintzen dira. Salbuespenak Arabako Lautada, Bilbo Handia, Plentzia-Mungia, Bidasoa Beherea, Donostialdea eta Urola Kosta dira. Donostialdea da garestiena eta batez besteko prezioa 930 €-tik gora dago. Alokairu merkeenak, aldiz, Arabako Errioxan daude, 430 euroren bueltan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Etxebizitza