Gizartea -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Eusko Jaurlaritza "kezka handiz" ari da jarraitzen migrazio politikak Europan hartu duen norabidea

Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak migrazio politiketan balio humanistak txertatzea aldarrikatu du. Migratzaileak delinkuentziarekin lotzen dituen diskurtsoei aurre egiteko sentsibilitate kanpainak indartzeko premia ere nabarmendu du.

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Migrazioaren gaia agenda politikoaren lehen lerroan dagoen honetan, Eusko Jaurlaritza bereizi egin da Italian eta Europan nagusitzen ari diren diskurtso eta politiketatik. Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza "kezka handiz" jarraitzen ari da migrazio politikak Europan hartu duen norabidea eta balio humanistak txertatzea aldarrikatu du.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketa Legarretak adierazi duenez, migrazioa delinkuentziarekin eta segurtasun ezarekin lotzen duten diskurtsoak Europan eta Estatu mailan ez ezik, Euskadin ere zabaltzen ari dira. Ildo horretan, eta Gasteizko Koroatze auzoan eta Pasaiako Trintxerpe auzoan migratzaileekin sortutako elkarbizitza arazoen aurrean, sentsibilitate kanpainak indartzeko premia azpimarratu du.

Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoak ia 900 adin txikikori ematen die arreta, Legarretak emandako datuen arabera. Aspaldidanik baliabideak tentsionatuta daudela onartu du eta beste autonomia erkidegoei "esfortzu bera" egiteko eskatu die.

Bestalde, Espainiako Estatura iristen diren adin txikiko migratzaileen banaketa "desorekatua" dela salatu du, eta "egiturazko krisi" bat den heinean egiturazko erantzunak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. Orain arte "partxeak" baino ez direla jarri adierazi du Legarretak eta horregatik uste du benetako planifikazio bat behar dela.

Azkenik, adin txikiko migratzaileen profila "aspalditik" aldatzen ari dela azaldu du Legarretak. Horren esanetan, gaur egun batez beste 17-18 urterekin iristen dira eta horrek zaildu egiten du gizarteratze prozesuak lantzea, 18 urterekin irten egiten baitira eskaintzen zaizkien baliabideetatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Herria Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia