Gizartea -
Ezbeharra
Luzatu egin dute haurdun baten heriotza eragin duen gidari kamikaze nafarraren atxiloaldia
Atxilotua, 46 urteko San Adriango bizilaguna, kontrako noranzkoan gidatzen ari zen eta positibo eman zuen alkohol eta droga proban. Gizonak aurrekariak ditu alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.
Agentziak | EITB Media
Logroñoko instrukzio-epaileak luzatu egin du Navarreten (Errioxa) emakume haurdun baten heriotza eragin duen gidari kamikaze nafarraren atxiloaldia. Gizona, 46 urtekoa eta San Adriango (Nafarroa) bizilaguna, kontrako noranzkoan gidatzen ari zen, eta positibo eman zuen alkohol eta droga proban.
Epailearen ustez, eginbide gehiago egin behar dituzte atxilotutako gizona espetxeratu edo aske utzi erabaki baino lehen. Horregatik, Guardia Zibilaren komisariara itzuli da, eta astearte goizean eramango dute berriro epailearenera.
Zabaldu denez, gizonak aurrekariak ditu alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.
Ezbeharra igandeko 21:53an gertatu zen, AP-68an, Navarrete parean. Ordu horretan, kamikazearen ibilgailuak talka egin zuen auto baten eta kamioi baten aurka.
Biktima Villaverde de la Abadia herriko (Gaztela eta Leon) bizilaguna zen, 35 urtekoa, eta autoan zihoan, kopilotuaren eserlekuan. Emakumearen bikotekidea larri zauritu zen.
Antza denez, gutxienez 10 kilometro zirkulatu zituen okerreko noranzkotik kamikazeak.