Gizartea -
AURKIKUNTZA
'Ikae' edo 'Igae': inskripzio paleohispaniko bat aurkitu dute Lantzeko meatze eremuan
Nafarroako Gobernuak uste du aurkitutako inskripzioak "baskonikoak" izan daitezkeela. Horrekin batera, halere, "garai hartako hizkuntzen errealitateari buruzko datu gutxi" daudela eta, "hipotesi" hori "zuhurtziaz" hartu behar dela ere esan du.
EITB MEDIA
Duela 2.000 urte baino gehiago idatzitako inskripzio paleohispaniko bat aurkitu du Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikerketa taldeetako batek Aierdi VIII meategian, Lantzeko (Nafarroa) meatze eremuan. Hala jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, gaur zabaldutako ohar batean. Bertan zehazten denez, Nafarroako iparraldean ezaugarri horiekin egin den lehendabiziko aurkikuntza da, eta Iberiar Penintsula osoan meategi barruan aurkitu den bakarra.
Halaber, oharrak dioenez, ikur-bilduma paleohispaniko batean hiru inskripzio aurkitu dituzte, eta ikertzaileen transkripzioen arabera, 'ikae' edo 'igae' irakur daiteke. Aurkikuntzaren lekua kontuan hartuta, bertan lanean ibili diren adituek uste dute inskripzioak "baskonikoak" izan daitezkeela, eta 'ik(h)ai' hitzarekin lotu dute, "Arnaud Oihenart euskal poetak XVII. mendean erabilitako hitza". Nolanahi ere, azalpen horrekin batera, aurkikuntzaren arduradunek esan dute "garai hartako hizkuntzen errealitateari buruzko datu gutxi" daudela kontuan izanda, inskripzioak baskonikoak izan daitezkeenaren "hipotesia zuhurtziaz" hartu behar dela.
Meatzearen sarreratik 61 metrora aurkitu dituzte inskripzioak, 18 metroko sakoneran. Sabaiaren azpialdean daude, buztinezko eta hartxintxarezko geruza baten gainean. Inskripzioak buztinaren gainean eginda daude, tresna zorrotzen batekin.
Datari dagokionez, ikertzaileek ez dute data zehazterik izan, baina inguru arkeologikoari erreparatuta, "duela 2.000 urte inguru egindakoa" dela ondorioztatu dute, "meatzea ustiatzeko prozesu betean, erromatarren garaian".
"Inskripzio hori ez da garrantzitsua bere testuinguru arkeologikoagatik bakarrik, baizik eta antzinako alfabetizazioaren froga berri bat delako lurraldean, erromanizazio eta latinizazio prozesuak jada aurreratuta zeuden garaian, hizkuntza bernakulak erabiltzen eta idazten jarraitzen zirelako", ziurtatu du Foru Gobernuak.
"Aurkikuntzaren garrantzia" ikusita, eta "multzo arkeologikoaren zaurgarritasuna" kontuan hartuta, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak – Aierdi VIII meategia ixteko erabakia hartu du, eta ikerketa lanarekin soilik lotutako jardueretarako irekiko dute.
Lantzeko meatze-gunea
Lantzeko meatze-gunea katalogatu eta ikertzeko proiektua Vianako Printzea Erakundeak eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak koordinatzen duten ekimena da, Lantzeko Udalaren laguntzarekin. Bere garrantziaren susmoaren aurrean, joan den mendeko 70eko hamarkadatik ezagutzen dena, 2022an azterketak egiten hasi ziren, eta diziplina desberdinetako ikertzaileek osatutako nazioarteko talde anitz bat ari da lanean.