Gizartea -
Ezbeharra
Haurdun bat hil da auto istripuan kontrako noranzkoan zihoan auto baten kontra jota, Errioxan
Gidaria, 46 urteko San Adriango (Nafarroa) bizilaguna, atxilotu egin dute, droga eta alkoholaren eraginpean gidatzea egotzita.
Agentziak | EITB Media
35 urteko emakume bat eta tripan zeraman haurtxoa hil dira bart Navarreten (Errioxa), AP-68 autobidean kontrako noranzkoan zihoan auto baten kontra jota, Espainiako Gobernuak Errioxan duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez.
Guardia Zibilaren arabera, kontrako noranzkoan zihoan gidariak 10 kilometro egin ditu horrela, haurduna eta beste bi pertsona zihoazen autoaren kontra jo duen arte. Alkohol eta droga probetan positibo eman du gizonak, eta atxilotuta dago. Atxilo hartutakoa 46 urteko San Adriango (Nafarroa) bizilaguna da.
Ezbeharra bart jazo da (igandeko 21:50ean), aipatu errepidean. Larrialdi zerbitzuak bertaratu direnean, auto barruan hiru lagun topatu dituzte harrapatuta: haurduna, hil ala bizi zegoen, eta autoko beste bi bidaiariak, larri zaurituta.
Handik gutxira jakin da emakumea hil egin dela.
Guardia Zibilak ikerketa abiatu du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.