Gizartea -
Nafarroako Ikastolen jaia
Nafarroa Oinez 2024 ospatuko dute igandean Zangozan, 'Piztu!' lelopean
Asteburuko osoko egitaraua antolatu dute Zangozako ikastolako kideek eta larunbatetik ekin diote festa giroan murgiltzeari. Iganderako 3,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute eta denetariko ekintzak izango dira hiru gunetan.
EITB Media
Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko jaia, igande honetan ospatuko da, Zangozan. "Ilusioz eta arduraz" aritu dira azken urtean Zangozaldeko euskaltzaleak Nafarroa Oinez prestatzen, eta azkenean iritsi da eguna, urte osoan zehar bezala, igande honetan ere euskara piztekoa. Festa handiaren atariko, larunbatean hasi dira festa giroan murgiltzen, eta egun osoan zehar izan dituzte jarduera eta ikuskizunak; artisauen azoka, tailerrak eta musika ez dira falta izan.
Urriko hirugarren igande guztietan bezala, bihar, urriak 20, Nafarroako euskaltzaleen bilgune izango da Zangoza. Bertako ikastolan, herriko haurrez gain, inguruetakoek ere ikasten dute euskaraz, hala nola Kaseda, Aibar, Gabarderal, Ledea, Esa eta Irunberriko haurrek. Horien eta horien guztien familien artean auzolanean prestatu dituzte 3,5 kilometroko ibilbidea eta egun beteko eta gustu guztietarako egitaraua, hiru gunetan banatuta.
Piztu gunea izango da lehen gunea, eta Zangozako bandarekin esnatuko da. Eguerdian, Motxila 21 taldeak joko du, eta, ondoren, "Mingain Dantzari" ikuskizuna eskainiko dute. Ortzadar taldeak bazkalostea girotuko du, eta Eztitan taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango dute. Larrain dantzarekin itxiko dute eguna. Gune honetan, txikienek puzgarriak eta haurren hiria izango dituzte gozatzeko. Hain zuzen ere, bertan egongo da EITBren Makusi gunea, eta "Go!azen"eko neska-mutilek ikuskizuna eskainiko dute eguerdian.
Mintzatu guneko egitaraua Gora Musikarekin hasiko da, eta Herri Kirolak, Dj Martzel, Ibil Bedi, Anari eta Lumak izango dira ondoren. Gainera, tailerrak egingo dira egunean zehar.
Falkoneria ikuskizunarekin hasiko da eguna Gozatu gunean, eta, ondoren, Kiki, Koko eta Moko igoko dira oholtzara. Gune honetan, Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantz entzun ahal izango dira. Eremu horretan kokatuko dira zezen mekanikoa eta "barredora".
Ibilbidean zehar, besteak beste, Ekialde Kantuz, Eskartxa, Katxi, Jaiak eta Ilunberriko txarangak, Zangozako eta Irunberriko gaiteroak, Oibarko edo Zangozako erraldoiak, Mugarik Gabeko Ttunttuneroak, Xapiru Trikitxa Eskola eta Euskal Herriko Joaldunen Biltzarra ariko dira giro ona lau haizeetara zabaltzen.
Erronkak ere ez du hutsik egingo, eta Nafarroako 11 ikastoletako ikasleak biltzen dituen ekimenak bere protagonismoa izango du, euskara eta ohitura osasungarriak bultzatzeko asmoz. Ibaian hasi, ibilbidetik igaro eta Gozatu eremuan amaituko diren 4 proba izango ditu. Aurtengoan ere, Bernat Etxepare Lizeoaren txaranga eta disko-jartzailea izango dira erronkaren bueltakoak musikaz girotzeko arduradun.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidean zehar informazio-puntuak izango dira, bai eta puntu moreak, osasun- eta edoskitze-eremuak ere. Gainera, telefono-zenbakia txikien beso batean idazteko gomendatu dute, eta horretarako errotuladoreak egongo dira zirkuiturako sarbideetan.
Egitarauaren aurkezpenean Nagore Oria zuzendariak azaldu zuenez, "familia gutxiko Ikastola xume batetik abiatuta", gai izan dira "auzolanean sare bat sortzeko, urtebetez jarduerak maitasunez prestatzeko, eta jai eta ospakizun egun batean amaitzeko. Horren helburua ikastolen ahotsa altxatzea izan da, euskarari, identitate eta etorkizun gisa, bultzada emateko". Helburu hori lortzearekin batera, "Nafarroari eta Euskal Herri osoari erakutsi nahi diegu bide hau aukeratu dugunok bermatuta dugula kalitatezko hezkuntza bat, euskalduna eta kooperatiboa, non emaitzek urtez urte bermatzen gaituzten", erantsi zuen.
Carlos Arcelus presidenteak Nafarroa Oinez errespetutik ospatzea espero du: "Dena ondo ateratzea eta euskararen jaiaz gozatuko duen orok errespetutik eta elkarbizitzatik egin dezala eskatzea besterik ez zaigu geratzen, inolako erasorik gabe".