Gizartea -

Delituak

Gidari bat atxilotu dute Zigoitian, kontrol batean gelditu ez eta patruila baten aurka talka egiteagatik

Ertzaintzaren arabera, iheslariak "arrisku larriko egoerak" sortu ditu ihesaldian. Ihesi zihoala, polizia-ibilgailu baten aurka talka egin du, eta ertzainei eraso egiten saiatu da.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

27 urteko gidari bat atxilotu dute larunbat goizaldean Zigoitian (Araba), polizia-kontrol batean gelditu ez eta ihesaldian "arrisku larriko egoerak" sortu ostean. Ihesi zihoala, polizia-ibilgailu bat jo du eta ertzainei eraso egiten saiatu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Goizaldeko ordu bata baino lehentxeago, Zigoitiko AP-1eko irteeran alkohol- eta droga-kontrol bat zuen Ertzaintzaren Arabako Trafiko Unitateko dotazio batek, eta auto bat geldiarazi du. Ustez proba egiteko segurtasun-eremura zihoala, gidariak "bat-bateko maniobra bat egin du, martxa azkartu du eta ihesari eman dio, abiadura handian".

Patruila bat autoaren atzetik joan da, eta ihesi zihoan gidariak "arrisku handiko egoerak" sortu ditu bideko gainerako erabiltzaileentzat. Azkenean, handik kilometro batzuetara, haren parera heldu da eta geldiarazi egin dute. Aurretik, baina, gidariak "nahita jo du" polizia-ibilgailua, eta kalteak egin dizkio.

Segurtasun Sailetik azaldu dutenaren arabera, atxilotua "oso oldarkor" agertu da une oro, eta ertzainei eraso egiten saiatu da. Horrenbestez, atxilotu egin dute, bide-segurtasunaren aurkako bi delitu egotzita, ausarkeriaz gidatzeagatik eta agenteen aurkako atentatua egiteagatik.

Atxilotua ertzain-etxera eraman dute, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko izapideak egitera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Ertzaintza Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak