Gizartea -

Epaiketa

Pujana auziko fiskalak espetxealdi iraunkorrari eutsi dio gizonaren kasuan, eta erretiratu, emakumearenean

Auzipetutako gizonak ukatu egin du krimen horretan parte hartu izana, eta erantsi du beste akusatuaren mendeko "inuzente bat" eta "errekaduetarako mutila" baino ez zela. Emakumeak ukatu egin du gizonaren bertsioa, eta tratu txarrak ematen zizkiola eta haren beldur zela esan du.

Aintzane Pujanaren hilketa argitzeko epaiketa. EFE.
Aintzane Pujanaren hilketa argitzeko epaiketa. EFE.
Aintzane Pujanaren hilketa argitzeko epaiketa. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aintzane Pujanaren heriotzagatik auzipetutako gizonarentzat espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu du fiskalak ostiral honetan, eta, ostegunean aurreratu zuen bezala, labankada hilgarrien egile izatea aitortu zuen emakumearentzat kendu egin du eskaera hori, buruko nahasmendua duelako emakumeak. 

Irailaren amaieratik Gipuzkoako Auzitegian egiten ari diren epaiketaren azken-aurreko saioa izan da gaur, aldeen behin betiko ondorioak aurkezteko saioa, eta bertan eman du aldaketen berri fiskalak. 

Bere mintzaldian, fiskalak gizonezko akusatua hilketa-delitu astundu baten erantzuletzat jo du. Delitu horrengatik, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu du, eta legez kanpoko atxiloketagatik eta larderia erabiliz pertsona bat prostituzioan mantentzeagatik, zortzi urte eta erdiko espetxe-zigorra.

Auzipetutako emakumearen kasuan, legez kanpoko atxiloketagatiko eta prostituzioagatiko karguak kendu ditu, baina eutsi egin dio hilketagatiko karguari, buruko nahastearen salbuesle osatugabea onartuta. Horregatik, zentro psikiatriko batean gehienez ere hogei urte igarotzeko eskaera egin du harentzat, eta handik ateratzean beste hamar urteko espetxealdia. Zigor horretatik, emakumeak zentro psikiatrikoan emango lukeen denbora deskontatuko litzateke.

Gizonezkoaren defentsak absoluzioa eskatu du, krimenean inolako parte-hartzerik izan ez zuela alegatuta; emakumezkoaren defentsak, berriz, erantzukizunetik guztiz salbuesteko eskatu du, nortasunaren nahasmendua duelako.

Bi akusatuen kontakizun kontrajarriak

Ahozko saioen azken zatian deklaratzeko eskatu zuten eta halaxe egin dute gaur bi auzipetuek. 

Auzipetutako gizonak ukatu egin du krimen horretan parte hartu izana, eta, aldi berean, esan du beste akusatuaren mendeko "inuzente bat" eta "errekaduetarako mutila" baino ez zela eta harreman sentimental liskartsua izan zuela harekin.

Ukatu egin du akusatutako emakumearen prostituzio-zerbitzuak "kudeatu" izana, eta baita geroago, Aintzane Pujana ezagututakoan, harenak ere "kudeatu" izana.

Gogora ekarri du bi emakumeak lagunak zirela, eta 2020aren amaieran auzipetutako emakumeak esan ziola Pujana haiekin bizitzera joango zela Aizarnazabalgo landetxera. Azaldu duenez, han batzuetan, bi emakumeak "drogatu" egiten ziren eta "eztabaidan aritzen ziren", "oldarkor jartzeraino".

Pujanaren heriotzari dagokionez, esan du egun hartan Aintzane Azpeitiko prostituzio zerbitzu batera eramateko konbentzitu zutela, baina bidean bi emakumeak sesioan aritu zirela, biktima ez zela "ondo" sentitzen eta autoan "botaka" egin zuela, eta, ondoren, landetera itzuli zirela.

Horren hitzetan, hara iritsitakoan, eztabaidan jarraitu zuten bi emakumeek, eta gizonak esan du besteak baztertu egin zuela eztabaidatik, "emakumeen gauzak" zirela esanez; isilarazten eta eztabaidari amaiera ematen saiatu zen arren, nazkatuta alde egin zuela esan du eta kanpoan izan zela bi orduz. Etxera itzulitakoan, Pujana "jada ez dago hemen", esan zion emakumeak, horren kontakizunaren arabera.

Gizonaren atzetik deklaratu du emakumeak, eta ukatu egin du beste akusatuaren bertsioa; tratu txarrak ematen zizkiola eta telefonoak emakume-ahots bat entzutea nahiago zuten bezeroei erantzuteko bakarrik erabiltzen uzten ziola esan du, nahiz eta gero WhatsAppeko mezuei gizonezkoak berak erantzuten zien.

Emakume horrek adierazi duenez, gizonak eraman zuen Pujana haiekin bizitzera, eta hark kudeatzen zituen haren "prostituzio-zerbitzuak". Emakumeak inoiz planteatu omen zion Pujanari "etxe beldurgarri" hartatik elkarrekin ihes egiteko aukera; arrakastarik gabe, ordea. 

Auzipetuak onartu du, gainera, bi akusatuek jipoia eman ziotela hildakoari Azpeitia eta Aizarnazabal artean, Aintzanek prostituzio-zerbitzua eman nahi ez zuelako. Hala ere, azpimarratu du berak ez zuela jo nahi, ezta ostikorik eman ere, eta gizonak behartuta egin zuela; egin ezean bera hiltzeko beldur zela esan du. 

Emakumeak azaldu duenez, biktima, zaurituta eta "odoletan", autora igo eta landetxera itzuli zirenean, gizonak oihuka eta tentsio giroan esan zion "bularrean" eta "lepoan" sastakatzeko Pujana, iraintzen zuen bitartean. Beraren bizitza arriskuan ikusi zuela eta, gogoz kontra, "sabelean" sastatu zuela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak