Gizartea -
EGURALDIA
Atertuz joango da eta asteburuan giro dotorea izango dugu, eguzkia eta tenperatura atseginak lagun
Eguzkia nagusitzen joango da orduek aurrera egin ahala. Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean, zerbait bustiko du, baina igandean, udaberriko aroa izango da nagusi, eta termometroek 25 °C-en langa gaindituko dute.
EITB Media
Eguraldiak egonkortzera egingo du apurka-apurka, eta atzean geratuko da Euskal Herriko ipar-ekialdea astindu duen euri-denboralea. Hori horrela, asteburuan giro txukuna izango da, eta eguzkiaz eta tenperatura epelez gozatzeko aukera izango dugu.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, gaur goizean, Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian izan diren zaparradak gorabehera, gainerakoan ateri eutsi dio. Arratsaldeak aurrera egin ahala, fronte bero bati loturiko hodeitza iritsiko zaigu mendebaldetik, eta baliteke gauean euri txikia edo zirimiria egitea han-hemenka. Tenperaturak apur bat berreskuratuko dira, eta maximoak 15 eta 20 ºC artekoak izango dira.
Larunbat goizaldean eta goizean, fronte horren ondorioak izaten jarraituko dugu, eta zerua lainotuta egongo da; zirimiria egingo du han-hemenka. Gainerako orduetan, ostarteak izango dira, baina arratsaldean, isurialde atlantikoan zaparradaren bat edo beste sar daiteke noizbehinka itsasaldetik. Goizean, hego-haizea ibiliko da, eta horrek tenperatura maximoak igoaraziko ditu (18-22 ºC).
Igandean, eguzkia eta tenperaturen igoera nabarmena. Goizean, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira zeruan, baina saretuz joango dira eguerdirako. Termometroek beste koska bat egingo dute gora isurialde atlantikoan, eta 25-26 ºC harrapatuko dituzte; gradu batzuk beherago geratuko dira hegoaldean. Hego-haizea ibiliko da, eta baliteke mendi inguruetan traba egitea.
Joeraren arabera, astelehenean beste fronte bat sartuko da, eta euritara joko du berriro.
Gainera, gogora ekarri behar da itsasaldeko arriskuagatik abisu horia izango direla indarrean ostiral arratsaldean eta igandean. Lehena 17:00etatik 19:00etara aktibatuko da, itsasaldi oso bizia espero baita; beraz, itsasertzeko itsas-uholdeez gain, uholde-eremuetan ere gainezka egin dezake urak. Igandean, beste abisu bat egongo da indarrean, 06:00etatik 08:00etara. 2,5-3 metroko olatuak espero baitira, eta 4,7 metroko marea.
Kontsultatu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.